Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta Ikerne Badiola Komunikazio idazkaria prentsaurrean agertu dira Iruñean, Gernikako Akordioko beste ordezkariekin batera, Estatuari normalizazio politikoa lortzeko urrats erabakigarriak eman ditzala eskatzeko.
Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusia eta Ikerne Badiola Komunikazio idazkaria prentsaurrean agertu dira gaur goizean Iruñean, Gernikako Akordioko beste ordezkariekin batera, atzo egindako atxiloketak salatzeko, “Euskal Herrian egun abian dagoen prozesu demokratikoa eragozteko helburua” baitute. Gernikako Akordioko kideek Estatuari eskatu diote normalizazio politikoa lortzeko urrats erabakigarriak eman ditzala, eta Estatuak jarritako oztopoak gaindituko dituztela ziurtatu dute, “prozesuari jarraipena emateko”. Azkenik, gizarteari dei egin diote datorren larunbatean Iruñean ‘Bakearen bidean konponbide demokratikoak orain. Atxiloketa gehiagorik ez’ lelopean egingo den manifestazioan parte hartzera.
Honako hau da Gernikako Akordioko kideek egin duten adierazpena:
Lehenengoz eta behin, Gernikako AKordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok atzo goizean ezagutu ditugun atxiloketak salatu nahi ditugu. Nafarroako jendarte esparru desberdinetako jarduera politiko ezagunean aritzen diren herritarrak bortizki atxilo hartu eta beraien etxeetatik eraman dituzte. Berriro ere euskal herritarrek arrazoi politiko hutsei erantzuten dien jazarpenaren ondorio larriak nozitu egin dituzte.
Gaur egun ETA erakunde armatuak urtarrilaren 10ean ezagutarazitako su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarriaren ondoren Estatuak ere urratsak eman behar ditu, Euskal Herria bake eta normalkuntza politikorantz egiten ari den bidean oztopoak jarri beharrean. Are gehiago, gure ustez, atzo goizean euskal herritarren aurkako sarekada berri honek Euskal Herrian dagoeneko abian dagoen prozesu demokratikoa oztopatzea eta galaraztea helburu du.
Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragileok, baina, ez diogu espainiar Estatuari ahalmen hori emango. Euskal Herriko gatazka politikoa behin betiko konpondu arte Gernikako Akordioa ibilbide orri gisa jarraituz pertsona guztien eskubideen defentsan gure konpromisoa euskal herritar guztien aurrean berretsi nahi dugu. Euskal jendartearen nahi eta beharrekin bat eginez espainar Estatuak jarritako oztopoak gaindituz aurrera segitzeko borondatea adierazi nahi dugu.
Hori dela eta, Espainiako Gobernuari nahiz Estatuko gainontzeko botereei Euskal Herriari bake eta aterabide demokratiko bidea egiten uzteko eta norabide horretan normalkuntza politikoa ahalbidetuko duten neurriak hartzeko dei zuzena egiten diegu. Atzo bertan atxilotu zituzten euskal herritarrak lehenbailehen askatzeko eta atxilotze egoerak dirauen bitartean ez tratu txarrik ez torturarik egon ez dadin neurri zehatzak -inkomunikazio egoera bertan behera utziz- hartzeko eskatzen diegu. Halaber, hemendik aurrera atxiloketarik ez egoteko eta sarekaden dinamika bortitza bertan behera uzteko eskatzen diegu, jazarpen ideologikoa oinarri duen estrategiari uko eginez eta pertsona, ideia, proiektu guztiei bidea emanez, indarkeriarik gabeko eszenatoki demokratiko baterantz.
Euskal herritarrei, aldiz, gurekin batera bake eta aterabide demokratikoen bidean are kemen handiagoz jarrai dezaten deia egiten diegu. Euskal Herriak bake eta askatasun agertokia nahi eta behar duelako, oztopoak oztopo, guztion ahaleginez lortuko dugu. Ez dugu zalantzarik. Prozesu hau bururaino eraman nahi dugun herritar guztiok siglen eta atxikimendu politikoen gainetik indarrak bildu behar ditugu. Ez espainiar Estatuak ez inork ezin dio euskal jendarteari ez bere bake itxaropena, ez bere askatasun ametsa lapurtu. Euskal herritarroi bide hori egitea dagokigulako, Gernikako Akordioan bildutako eragileek kalera bidea egiten segitzeko deialdia zabaldu nahi dugu. Hain zuzen ere, heldu den larunbatean, urtarrilak 22, arratsaldeko 5´30etan Iruñeko Golem zinemetan abiapuntu izango duen nazio manifestazioan parte hartzeko gonbidapena euskal herritar orori helarazi nahi diogu. Manifestazioa “BAKE BIDEAN ATERABIDE DEMOKRATIKOAK ORAIN, ATXILOKETA GEHIAGORIK EZ” lelopean egingo dugu.
Iruñean egin nahi dugun manifestazioaren ondorioz, egun berean, urtarrilak 22, Donostian egitekoa zen ekitaldi nazionala bertan behera utzi ez baina atzeratzen dugu. Ahalik eta lasterren noiz egingo dugun jakinaraziko dizuegu.
Halaber, ostegunean, urtarrilak 20, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eguerdiko 12´30etan Gernikako Akordioan bildutako eragileen ordezkaritza bana Estatu Ordezkaritzara joango da bertako arduradun nagusiari atxilotutakoak lehenbailehen inkomunikazio egoera bertan behera uzteko eta askatzeko eskatuz. Herritar guztiei arratsaldeko 7´30etan herri guztietan ohiko tokietan egingo ditugun elkarretaratzeetan parte hartzeko deia egiten diegu. Hiriburuetan elkarretaratzeak honako tokietan izango dira: Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan, Donostian Bulebarrean, Bilbon Arriaga antzokiaren aurrean eta Iruñean Gaztelu plazan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna