Iñaki Galdos (Eusko Alkartasuneko Bizkaiko Batzorde Eragileko kide eta Barakaldoko zinegotzia)
Ordu batzuk bakarrik pasatu dira Garzon epailearen 3512.002-M sumarioko azken ebazpen andana entzun dudanetik, eta ondoren irakurri, entzuten nuena ezin nuelako sinetsi. Ebazpen haren edukiarekin, onartu beharra daukat, berotu egin naiz.
Zertan datza nire haserrea? Zerk eragin du? Nire haserrea Baltasar Garzonek 2002ko urriaren 16an publiko egin duen autoaren laugarren arrazoinamendu juridikoak eragin du. Ebazpen juridiko horretan hauxe esaten da: azkeneko hamabi urteotan Barakaldoko Gurutzetako ospitalean jaiotako umeen agirietan gezurrezko jaioleku bat jarri dute -Bilbo-, udal horretako biztanleak nagusiki immigratzaileak baitira; era horretan, Barakaldon jaiotakoek bizitza osoan bere nortasun agirian eraman ez dezaten behar bezain euskalduna ez den leku batean jaio direlako estigma, eta Justizia Ministerioari jaio direneko herritik kanpoko jaiolekuen zerrenda eskatu dio auto horrek berak.
Hasiera batean haserrea izan zen; baina esan behar dut, Saulo bezala zalditik erori nintzela, egia ikusi nuela, eta autoaren edukiarekin ezin haserretu naitekeela ikusi nuela.
Hasiera batean nire aiton-amonak ulertu nituen, haiek denak Barakaldon jaiotakoak; beti iruditu zitzaizkidan arraroak, baina, Auto judizialari esker, arraro izate horren arrazoia jakin ahal izan dut: lauak Barakaldon jaio zirelako, estigmatizatuta zeuden.
Nire gurasoak ulertu nituen. Gaztetan haiekiko izan nituen ezberdintasunak gazte garaiko errebeldia kontuak eragin zituela uste nuen, edota belaunaldi desberdintasunak. Baina ez. Garzon epailearen Autoari esker hauxe ulertu ahal izan dut: hirurok, gurasoak eta ni, Barakaldon jaiotakoak izanik, logikoena zen ulertzea estigmatizatu talde bat osatzen genuela, eta ez genuela zibilizatuki elkar ulertzeko inolako aukerarik. Auto judizialaren edukiari esker, izan genituen ezberdintasunen kausa argitu ahal izan dugu, eta guraso-seme arteko harremana oso ona da berriro.
Behingoz ulertu dut ze indarrek eraginda erabaki nuen, duela hamalau urte, Barakaldotik atera eta hasiera batean Pobeñan bizitzen jartzea, eta gerora Bizkaiko beste leku batean. Izan ere, orduan ez banekien ere, indar batek eraginda estigmatizatzen ninduen herria utzi nahi zuen hori nintzen, jaio nintzen egun beretik. Emaztea eta haren gurasoak ere Barakaldon jaiotakoak direnez, ez zidan inolako eragozpenik jarri. Aitortu beharra daukat: estigmatizatuta nago, Barakaldo bezalako herri batean jaio naizelako, non gizaki izateko hezi nauten, eta erlazionatzen eta nire antzekoekiko solidario izaten ikasi dudan. Denok aire kutsatua arnasten genuen herri batean jaio nintzen, frankismo garaian desarrollismoak suntsitutako parajeak ikusten genituela. Herri batean, non inoiz ez genuen galde egiten nongoa zinen, aitak non lan egiten zuen baizik; jende umila eta langilea bizi den herrian; azken batean: poetak zioen moduan, jende ona, hitzaren zentzu onean.
Minez ari naiz hitz egiten; Barakaldo eta hango jendea ezagutu ere egiten ez duen batek idatzitako Auto judizialak eragindako minez. Garzon jaunaren ezjakintasunak eragindako mina da, berez adimentsua behar lukeen batek eragindako mina. Baina nire hitzetan ez da amorrurik. Garzonen ezjakintasunaren ondorioa zera da: lerro hauetan errukia dagoela, Barakaldon jaiotzeak estigma dakarrela idatzi duenarekiko errukia. Baten batek esan zuenez, ezjakintasuna irakurriz eta bidaiatuz sendatzen den gaixotasuna da. Irakurri, Autoaren idazleak zerbait irakurriko duela uste dut; gutxienez berak idatzitakoa irakurriko duela uste dut; baina gomendatuko nioke, umiltasun osoz, Barakaldora bidaiatu dezala, eta era horretan ikusi ahalko du Barakaldon jaiotakook ez daukagula burua jaten digun inongo estigmarik.
Barakaldon bada espainiarra bakarrik sentitzen den jendea; beste jende bat, euskal herritar bakarrik sentitzen garena; eta inongo sentitzen ez den beste jende bat ere bai. Azken batean, Euskadiko beste herri eta hirietan gertatzen den moduan. Barakaldon, gazteleraz hitz egiten duen jendea bizi da (gehiengoa), baina baita gailegoz (dezente) edota euskaraz (gutxiengoa) hitz egiten duen jendea ere. Eta azken aldian, Ekialde Hurbiletik etorrita txineraz hitz egiten duen jendea, arabieraz hitz egiten duena, edota eslaviar jatorriko hizkuntzetan hitz egiten duen jendea (gero eta gehiago dira, zorionez Barakaldorentzat).
Diferentzia horrekin bizi izan gara beti. Eta gizakiontzat elkarbizitza aberastasuna dela ikasi dugu, eta horrela segitzeko konpromisoarekin segitzen dugu, kontrako bi komunitateren arteko mamua sustatzen diharduen jendea ere baden arren. Amarru horretan erortzea, horixe litzateke gure estigma.
Barakaldar moduan, gure desioa da sendo irautea bat eginik; eta desio horren oinarria da ehun urtetik gorako elkarren arteko harremana. Eta bategite horretatik abiatuta egin nahi dugu etorkizuna, gurea den etorkizuna, eta gure seme-alaben biharra prestatu, itxaropenarekin, ilusioarekin, eta eguneroko bizitzak ematen dizkigun kezka normalekin bakarrik, besterik gabe. Alferrikakoa bada ere esatea, eta jaiotze kontuak eragindako estigma orotik urrun, esan behar da: jende normala eta baketsua da, bere herrian, Barakaldon, bizi dena eta bizi nahi duena.
Gure alabak bi urte dituenez, gutxienez hemezortzi urte bete arte itxoitea erabaki dugu, zera azaltzeko: bera jaio zenean, gurasoek, Espainiako Parlamentuak onartutako legeari jarraiki, haren izena bizi garen herriko erregistro zibilean erregistratzea erabaki genuela, eta ez jaio zen lekuko erregistro zibilean. Bere aita eta ama Espainiako estatuko botere judizialeko kide batek agindutako ikerketaren pean egon daitezkeela, hori alabari ulertzeko moduan nola azaldu ez dakigu, eta horregatik erabaki dugu itxoitea. Betidanik askatasuna, justizia edota berdintasuna bezalako baloreetan sinetsi izan dugunontzat kezkagarria da azaltzea nola behin bazen estatu bat, non legea betetzeak legea berarekiko arazo bat eragin zezakeen. Uste dut Platonek galdetu zuela behin ea nola iraun zezakeen estatu batek, bere buruaz beste egin gabe, gizabanakoek legeak betetzeari uko egin baliezaiokete. On Baltasar Garzonen azken autoa irakurri ondoren, nahiko nuke filosofo greziarrak eginiko galderari erantzun bat aurkitzea, baina, tamalez, ezin dut.
Jatorria: Iñaki Galdos Ibañez de Opakua