Uztailaren 6an, Jaurlaritza berria osatu zenean, honek hurrengo urteetan jorratuko
duen jarduna honako erronkak lortzearren garatuko zuela onartu zuen: 5 erronka
zehaztu zituen:
- Bakerako, elkarbizitzarako eta normalizazio
politikarako eszenategi berri bat
– Ekonomia hazkunde jasangarriko eredu berria
– Gizarte integrazioan sakontzeko eta Jakintzaren Gizartean aurrera egiteko
prestakuntza eta enpleguko eredu berria
– Gizarte eta Kulturaren arloko eredu berria
– Autogobernurako eredu berria
Erronka hauek aurrera ateratzeko konpromisoa
azaldu zuen, inorekiko mendetasunik azaldu gabe, herritarren borondatea izan
ezik. Beti ere hiru zutabetan oinarritutako konpromisoak jarraituz. Hauek dira:
- pertsona guztien, inolako berezitasunik gabe,
bizitza eta giza eskubideak babesteko konpromiso etikoa
– elkarrizketarekin, Bakea eta elkarbizitza lortzeko tresna gisa konpromiso
politikoa
– Euskal Herritarrei zor zaien errespetuarekiko konpromiso demokratikoa
Guzti honetarako Gernikako Estatutuak ezarritako
esparru juridikoa eta erakundeak oinarri bezala hartuko ditu Jaurlaritzak. Nahiz
eta Estatutuaren agindu guztiak lehen bait lehen bete daitezela exijitzen duen.
Eta normalizazio politikorako, ordezkaritza duten alderdi politikoen arteko
elkarrizketa eta negoziazioa, ezinbestekotzat ikusten du. Prozesu honetan alderdi
politiko bakoitzak bere proposamen juridiko politikoa defendatzeko aukera izango
du. Eta prozesuaren ondorioz sor daitekeen adostasuna gizarteak berretsi beharko
du. Hori da Jaurlaritzaren proposamena. Hori da Eusko Alderdi Jeltzaleak eta
Eusko Alkartasunak hauteskunde programan proposatu zutena eta hori da Jaurlaritzaren
proposamena. Beraz, ezin da esan iruzur egiten ari denik.
Lehen hastapenak eman dira. Ez dira alperrik
ospatu Bakea eta autogobernua gai bezala zuten bi bilkura monografikoak. Hauen
ondorioz eta prozesu politikoari hasiera emateko jada legebiltzarrean autogobernurako
batzordea osatu da. Espero dezagun, prozesuak, talde guztien partehartzearekin
jarraituko duela. Eta zuek aipatu dituzuen herri kontsultarako beharrezko diren
partida horiek legealdi honetako aurrekonturen batean isla izatea. Autogobernuaren
batzordea martxan jarri izanak elkarrizketarako dagoen borondatea agerian uzten
du. Eta beraz, ezin da esan prozesu politikoa oztopatzeko asmorik dagoenik,
ez eta independentziaren aldeko eztabaidari muzin egiten zaionik. Ez Eusko Alkartasunak
behintzat. Gogoratuko dizut Eusko Alkartasuna alderdi independentista dela.
Ala ere esan behar da, aurrekontuetan balorazio
ekonomikoa duten ekimenak islatzen direla. Aldiz badira beste ekimen batzuk,
normalizazio politikorako prozesua adibidez, eremu politikoan baloratu behar
direnak.
Gernikako Estatutuak autogobernurako traba besterik
ez duela eskaintzen egiaztatzen duzue. Eusko Alkartasunak aspaldidanik eta sarritan
esan du, Gernikako Estatutuari iruzur egin zaiola. Unilateralki aldatua izan
dela eta beraz, guk politikoki agortutzat eman dugu. Guk egungo marko juridiko
politikoa gaindituko duen adostasun politiko baten beharra aldarrikatzen dugu.
Ala ere zuen egiaztapen honekiko hainbat ñabardura ditugu. Zeren uka
ezina da Estatutuak autogobernurako hainbat tresna eskaintzen dizkigula. Honela,
aspaldidanik osasun zerbitzu publikoa garatzeko aukera izan dugu. Eta eskaintzen
dizkigun tresna hauetaz baliatu behar gara, bai eta xedapen gehigarrietaz ere.
Estatutuak eskaintzen dituen potentzialidade politikoak azkenerarte erabili
behar dira, bai eta marko juridiko politikoa aldatzeko ere.
Zer esanik ez dago itun ekonomikoak eskaintzen
digun aukera: Fiskaltasun arloan hainbat zerga arautzeko eskuduntza dugu. Gure
erakundeetan onartutako arau hauekin ados egon gintezke edo desadostasuna azaldu
dezakegu, baina ezin da esan Espainiar Gobernuak ezarritako irizpideei jarraituz
onartu direnik. Horra hor bestela, oraindik erantzuteko dauden Espainiar Gobernuak
ezarritako errekurtsoak. Joan den astean, adibidez, batzuen berri izan genuen.
Eta arautzeko eskuduntzarik ez dugun zergei dagokionez, hauek kudeatzeko gaitasuna
dugu. Guzti honek, inorekiko mendetasunik izan gabe, euskal autonomia erkidegoko
erakundeak finantzatzeko diru iturria ahalbideratzen digu.
Eta itun ekonomikoaren negoziazioan garbi geratu
da, Jaurlaritzak ez duela inolako mendetasunik azaldu.
- Europar erakundeetan ez du ordezkatua izan
nahi, presentzia propioaz baliatu nahi du, bere interesak berak defendatu nahi
ditu.
– Eta kupoari dagokionez, ez du Espainiar Gobernuak exijitzen dion diru kopurua
onartu. Badakigu finantza arloan ito nahi gaituztela, baina Jaurlaritza ez dago
beharrezkoa den baino gehiago ordaintzeko prest. Hemen parentesi bat ireki nahiko
nuke. Egia da aurrekontuetan ez dela kopuru hau azaltzen. Baina honen inguruan
oinarrizko diren azalpen bi azalpen eman nahi nituzke: Euskal Autonomia Erkidegoan
zergak arautu eta kudeatzeko eskuduntza aldundiek dute, beraz beraiek egiten
dute diru bilketa eta ondorengo ordainketak. Eta bestetik, ezin ahaztu dezakegu
kupoa bost urtero kalkulatzen dela. Bost urtero kupoa kalkulatzeko metodologia
arautzen duen lege zirriborroa Legebiltzarrera igortzen da bertan eztabaidatu
eta bere kasuan onartua izan dadin. Beraz, erakunde honi ez zaio kupoaren eztabaida
ukatzen.
Harira helduz, negoziazio guzti honetan jaurlaritzak
bere printzipioak tinko mantendu ditu. Horregatik ez dago adostasunik eta Espainiar
Gobernuak berezko duen prepotentzia erabiltzea aukeratu du.
Egia da Jaurlaritzak Hobetuz, etengabeko prestakuntza
diruz hornitzen duenean, euskal langileek etengabeko prestakuntza bi aldiz ordaintzen
dutela. Egoera hau sarritan salatu da. Baina horrela ez balitza euskal langileek
ez lukete behar adinako prestakuntzarik izango. Hau horrela gerta ez dadin eta
Hobetuz-ek berezko duen izaera juridikoa aitortzearren, ahalegin horretan Jaurlaritza
ez da inoiz atzean geratu, mendetasunik gabe eta horregatik gaude gauden egoeran.
Arrazoi guzti hauengatik eta beste arrazoi gehiagoengatik,
gure aldarrikapena ez da dagoena mantentzea, gure autogobernu gaitasuna areagotzea
baizik, egungo marko juridiko politikoa gainditzea da gure helburua.
Gastuari dagokionez hainbat ñabardura dituzue. Hauek argitzearren hainbat
azalpen.
Aurrekontu hauei egiten diozuen kritikaritako
bat neoliberalak direla esatea da. Neoliberalek ez dute merkatua arautu nahi
izaten. Pribatizazoaren aldeko apustu tinkoa egiten dute. Ez dute arlo publikoak
ezer kudeatzerik nahi izaten. Erabateko malgutasunaren aldeko dira. Eta gizarte
eremuari ez diote lehentasunik ematen eta ordez, gizarte gastua murriztea eskatzen
dute. Printzipio guzti hauek, aurrekontuak egiterakoan aintzat hartu diren helburuekin
erabat kontrajartzen dira. Talde sozialistari erantzun diodanean helburuak zeintzuk
izan diren aipatu ditut. Ez ditut berriro denak errepikatuko, baina bai nagusiena:
Elkartasuna, ongizatea, bizi kalitatea, giza kohesioa eta integrazioa. Helburu
nagusi honetara zuzenduta daude aurrekontuak. Eta horren froga da gizarte gastuak
jasan duen gehikuntza nabarmena. Aski izango da batzuentzat eta ez nahikoa beste
batzuentzat, baina gehikuntza nabarmena izan dela uka ezina da.
Aurrekontu hauetan gizarte gastuaren garrantzi
erlatiboa %70koa da. Datu objektiboa da, aurrekontuak oinarri bezala hartuta,
Jaurlaritzak gizarte gastuan egiten duen ahalegina hori dela kalkula daiteke.
%40ª ez dakit nondik kalkulatu duzuen, edozein kasutan, Jaurlaritzaren
aurrekontuak dira eztabaidagai eta ez beste ezer.
Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako erabiltzen
den diru kopuruan ez da inolako izozketarik eman:
– 1998an 1.835 miloi pezeta erabili zen
– 1999an 2.100 miloi
– 2000.urtean 2.700 miloi
– 2001. Urtean 3.200 miloi erabiliko da
– eta 2002. Urterako 3.327 miloi aurreikusten da
Oinarrizko errentari dagokionez, behingoz honen
inguruan Legebiltzar honetan zuekin eztabaidatzeko aukera dugu. Ezin ahaztu
bait dezakegu, Gizarte Gutuna arautzen duen legea, duela urtebete eztabaidatu
zela. Aukera bat galdu zen. Eta horren froga da gaurkoan, bai alderdi sozialistak
eta baita zuek ere jarreraz aldatu duzuela. Zuek orduan eztabaidari muzin egin
zenioten. Horrelakorik gerta ez balitz, orain, agian, beste lege bat legoke
indarrean.
Etxebizitzarako gastuak, 2001.urteko aurrekontuen
kitapena oinarri bezala hartuta, %30eko igoera jasan du. Eta sail honek beregain
hartu dituen konpromisoak zehatzak dira: babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko
lurra erosteko konpromisoa hartu da, alokairurako etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa
ere hartu da. Eta guzti honetarako lurraren legea legebiltzarrera igortzeko
konpromisoa hartu da.
Poliziaren gastua murriztu nahi bada, horretarako
ekimen bakarra dago: ETAk indarkeria alde batetara utzi behar du. Ala ere, zuen
intereserako datu baten berri emango dizuet: Egia da gastu honen garrantzi erlatiboa
%7,14koa dela. Baina zuek babesa eskaini zenioten aurrekontuetan, gastu honen
garrantzi erlatiboa %8koa izan zen.
Osoko zuzenketa honen beste arrazoietako bat,
zerbitzu publikoak euskalduntzeko ez dela behar adinako aleginik egiten, da.
Joan den abenduaren 3an euskararen aldeko nazioarteko eguna ospatu zen. Egun
horretan euskal erakundeek deklarazio bat sinatu zuten, eta bertan aitortzen
zen, euskara hutsen bizi nahi duen herritarrak oraindik, horretarako, ezintasun
handia duela. Horregatik arlo honetan egin beharreko ahalegina garrantzitsua
da. Eta kontrakoa uste baduzue ere, egiten da. Adibidez:
- Hezkuntza sisteman, euskalduntze prozesurako
2001. Urtean 7.450 moloi pezeta erabili zen eta 2002. Urterako 8523 miloi aurreikusten
da.
– Justizia administraziorako langileentzako Hizkuntza Normalizatzeko Plangintza,
jaurlaritzak 2001. urteko maiatzean dekretu bidez onartu zuen. Eta plana diruz
hornitzen da.
Eta horrelako egoerak sail guztietan ematen dira.
Beraz ezin da esan zerbitzu publikoak euskalduntzeko ez dela ahaleginik egiten.
Arrazoi guzti hauengatik, zuen osoko zuzenketari,
gure kontrako botoa emango diogu.
Jatorria: Eusko Alkartasuna