Euskal gatazka gainditu nahi bada oinarrira jo behar dela esan du Erraztik, urte politikoko lehen ekitaldian PSOEk eta EAJk euskal gatazka gainditzeko «transbertsalitatea» eta «moderazioa» lortu behar direla esaten dutenean, gatazka luzatu besterik ez dutela egiten salatu du EAko presidente Begoña Erraztik. Bere iritziz, euskal gatazka gaindituko bada, beharrezkoa da subiranotasuna eta Euskal Herriari herri gisa dagozkion eskubideak onartzea eta lantzea. «EAJk eta PSOEk partekatzen dituzten transbertsalitatea, moderazioa eta zentrismoa, oinarrizko eztabaida geldiarazten jarraitzeko aitzakia bihurtzen ari dira».

EAk Zarauzko Alkartetxean (Gipuzkoa) egin zuen atzo urte politikoa irekitzeko lehen ekitaldia, eta PSOE eta EAJ kritikatu zituen Erraztik. Bere iduriko, behin baino gehiagotan erakutsi du PSOEk ez duela Euskal Herrian dagoen aniztasuna onartzen, eta horren adibide dira, haren ustez, Autonomia Estatutu Berria baztertu izana eta Nafarroan NaBaik, PSNk eta NEBek adostutako gobernu berriari ezetz esan izana. «PSOEk behin baino gehiagotan frogatu du ez duela pluraltasun nazionalean sinesten». Haren arabera, PSOEk ez du gatazkaren oinarrira jo nahi.

Horren aurrean, PSOEk «transbertsalitatea» planteatzen duela salatu du, eta horrekin sozialistek Gipuzkoarako, Bizkairako eta Arabarako duten proiektua inposatu nahi dutela adierazi du. «Transbertsalitatea PSOEk Euskadirentzat duen tesia inposatzeko amua da». Erraztiren arabera, EAJ da transbertsalitatearen ideiarekin gehien bat egiten duen alderdia, baina EAJk eta PSOEk planteatzen duten transbertsalitate horretan Euskal Herriaren subiranotasuna aldarrikatzen ez denez, gatazkaren oinarria landu
gabe geratzen dela iruditzen zaio. «Transbertsalitatea zertarako? EAJko eta PSE-EEko lider bakar batek ere ez du Transbertsalitate horretan subiranotasuna aipatzen». Transbertsalitate horrekin boterea bi alderdi horien artean banatzeko interesak egon daitezkeela iradoki du.

EA SUBIRANOTASUNAREN ALDE.

PSE-EEk eta EAJk transbertsalitatea aldarrikatzen duten bitartean, EAk Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea babesten dituela esan du Erraztik. «Herrialde guztietatik eta guztientzat lan egiten dugu; subiranotasuna eta erakundeetako berdintasuna bultzatzen ditugu». EAk momentuan momentuko egoerak bere helburuak bultzatzeko erabiltzen dituela esan du.

Hala, Euskal Herria eraikitzeko bidean EAk Eusko Jaurlaritzan hartutako konpromisoekin leial jokatzen duela adierazi du, eta ez du bere leialtasuna zalantzan jartzea onartzen. «EAren leialtasuna nik neuk EAJrekin sinatu nituen akordioetan dago». Hori dela eta, EAJtik EAren kontra egindako kritikak salatu ditu, eta egiatan existitzen ez diren eztabaidak sortu nahi izan dituztela salatu du. «Aurrez prestatutako
kritikak arrapalada batean hedabideetara bota dituztela ikusi dugu, sailburu batek [Jaurlaritzako Justizia sailburu Joseba Azkarragak] bere iritziz gauzak nola egin beharko liratekeen esan zuelako».

Eusko Jaurlaritzak herri galdeketa egiteko hartu zuen konpromisoa garrantzitsua iruditzen zaio, eta hori babesteagatik erradikaltzat jo dituztela salatu du. «Euskal herritarrak galdetuak izatea eskatzeagatik al gara erradikalak? Arazoaren oinarrira jotzea beharrezkoa dela uste dugulako?». Aldarrikapen horiek EAk ez ezik, EAJko zenbait sektorek ere egiten dituztela esan du.

NORMALIZAZIO FALTA.

Euskal Herrian normalizazioa falta dela adierazi du Erraztik. «Normalizazio politikorik ez dagoen bitartean beharrezkoa da indarrak batzea Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidea onartzea exijitzeko». Aldarrikapen horrek bi oinarri dituela esan du: giza eskubideen errespetua eta Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidearen errespetua. Lehen oinarriak zuzenean ETAri eta Batasunari begiratzen diela esan du. «ETAk eta Batasunak ez badiote indarkeria ezari aukera erreal bat ematen, gure herriak aurrera ez egitearen arduradun nagusiak izango dira».

Bere iritziz, ETAk hondatu zuen azken bake prozesua. «ETAk bake prozesua hautsi zuen, eta PSOEk ere bere ardurak ditu». Geroari begira, alderdien arteko elkarrizketa bultzatu behar dela uste du.

Jatorria: Begoña Errazti