Juanjo Agirrezabalak salatu duenez, Osasun Sailak onartutako Lan Eskaintza Publikoak atzerapauso larria dakar euskalduntze-prozesuan eta euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketan sakonduko du.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak onartutako Lan Eskaintza Publikoaren (LEP) oinarriak ikusita, eta euskararen ezagutzaren balorazioa murriztea ekarriko dutela, Juanjo Agirrezabalak “euskaldunak Osakidetzan bigarren mailako herritarrak izatea bilatzea” egotzi dio Rafael Bengoa sailburuari, horrelako LEP batekin “ez dutelako inolaz ere bermaturik Osakidetzan euskara erabiltzeko eskubidea, hizkuntza hori EAEn ofiziala izan arren”.
EAko legebiltzarkidearen iritziz, LEP horren oinarriek “agerian utzi dute Eusko Jaurlaritzak euskaldunei eta haien hizkuntza eskubideei dien mespretxua, eta aurreko gobernuek Osakidetzan ere euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatze aldera abiatutako euskalduntze-prozesuan atzerapauso larria ekarriko dute”.
Halaber, Agirrezabalari oso eskasa iruditu zaio LEPak jasotako lanpostu-kopurua (2.600), sindikatuek eskatutakoak (5.400) baino askoz txikiagoa. Horrela, ohartarazi du EAko ordezkariak, ez da benetako aukerarik egongo ez Osakidetzan enplegua egonkortzeko, ez Euskal Osasun Sistemaren erronkei arrakastaz aurre egiteko.
Jatorria: Eusko Alkartasuna