Martin Aranburu
Bi aukera daude Bergarako proposamenaren inguruan: benetako eskaintza politiko zintzoa da eta, beraz, borroka armatua prozesu politiko bihurtze zorian daukagu, edo ahulezi politiko eta militarrak eragindako denbora-irabazte taktiko bat da.
Badira, nire ustez, oso esanguratsu diren hainbat eta hainbat xehetasun txiki, baina baikorra izatera bultzatzen nauten arrazoiak bi dira: alde batetik, Batasunak esandakoa eta, bestetik, erakunde armatuak esandako beste bat. Edozein alderdiren eskaintza politikoa aztertzeko, beronen zintzotasuna egiten diren planteamenduen berritasunaren arabera baloratu daiteke neurri handi batetan, hots, betikoa esaten duen beste eskaintza batek sinesgarritasun handiegirik ez du; aldaketa kualitatibo garrantzitsuak biltzen dituen planteamendua, ordea, fidagarriagoa da, nire ustez, are eta gehiago Batasunaz berba egiten badugu. Batasunak egindako proposamenean premiazko jauzi kualitatibo bat dago: herriaren ordezkaritza, hots, zerrenda bateratu horri Euskal Herriaren ordezkaritza onartzen zaio Estatuaren aurrean. Hau da, proposamen horren egileak asumitu egiten du Estatuarekin egin beharreko negoziaketa herriaren hitzak hautatutako ordezkaritzaren bidezko prozesu politiko batean datzala; ez, ordea, presio militarraren ondorioz eragindako negoziaketa behartu bat.
ETAren komunikatuan dakusat nik baikorra izateko beste argudio bat. Erakundearen hitzetan, ETA ez da oztopo izango abertzaleen arteko elkarlanerako. Honen erroan ETAren onarpena dago, hain zuzen, alderdien elkarlanerako oztopo delako onarpena. Ez al da hori urrats kualitatibo bat? Erakundeak bere buruari zentzu negatiboa duen oztopo kontzeptua lotu egiten dio eta nik uste, norbere buruarekin kritiko izateak ere erakusten du proposamen baten zintzotasuna.
Egia da gauza gehiegi esateke daudela oraindik gure herrian. Gustatu edo ez, errealitate honen konponketak ariketa konstante batera behartzen gaitu: konponketa borondateak aprobetxatzera eta aukerak alferrik ez galtzera. Bergarako proposamenaren oinarrian erabaki estrategiko bat dago, aprobetxatu beharrekoa, herri honen eszenatokia errotik aldatu eta gatazka parametro politikoetan bakarrik murgildu dezakeena. Urrats horrek denen partetik esfortzuak eta diskurtso aldaketak exijitzen ditu, bereziki, lehenaldia ahaztuta eta igarotako gertakarien erantzukizunak leporatu nahiak alboratuta. Bergarako proposamenaren ildotik ezinezkoa izango da euskal bloke bat eratzea, baina baliagarria izan behar du prozesu politiko definitibo bat hasteko. Francesc Macià kataluniarrak esaldi batean laburbiltzen zuen herri baten sentimendua: «Sozialki bidezkoa, ekonomikoki oparoa eta politikoki askea izango den herria nahi dut». Goazen bada. -
Jatorria: Martin Aranburu