Euskal Herriko ziklo politiko berria ez dago geldirik eta berritasunak dakartza. Kasu honetan gainera, Eusko Alkartasunarentzat oso garrantzitsua den arlo batean eman dira: herrigintzan.
Berritasunak bi dira gainera, lege bat eta akordio bati buruz hitz egiten ari garelako. Legeaz ari garenean, Udal legeaz ari gara eta akordioa esaten dugunean esparru abertzale osoa batu duen akordioaz ari gara: EAJ eta EH Bilduren arteko akordioa.
EAJ eta EH Bilduren arteko erlazioen garapenak –ikusteko dago oraindik momentuan momentuko zerbait den edo ez- aurrerapen garrantzitsuak ekarri ditu herrigintzaren arloan, konkretuki, EUDEL eta Udal Legeari dagokionez. Eusko Alkartasunatik espero dugu laster akordioak beste esparru bat ere hartuko duela, modu batean edo bestean: Udalbiltza.
Gaur esan dezakegu Udal Legea legegintzaldia bukatu baino lehen errealitatea izango dela eta horrekin herri kudeaketaren hutsuneak beteko dira. Horrela izango dela uste dugu, lehenengo aldiz Gernikako Estatutua onartu zenetik, EAJk akordioa lortzeko borondatea erakutsi duelako eta jakin badakigu borondate politikoa edozein ate irekitzeko giltza dela.
Udal legearen akordioa, EH Bildu EUDELen dinamikan parte hartzeko akordioaren ondoren iritsi da. Hori posible izan da, koaliziotik egin diren aldarrikapenak kontuan hartu direlako.
Akordioari, oraindik, itxigabeko kontu batzuk gelditzen zaizkio, baina berehala iritsiko da eta Eusko Alkartasunarentzat oso berri ona da hori. Herrigintzaren esparruko alderdia izanik, EAn uste dugu udaletxeak direla herrialdearen oinarrizko estruktura, beste zenbaitekin batera. Horregatik, poztasunez baieztatu dezakegu gure aldarrikapen historiko bat bete egingo dela, udalek Finantzen Euskal Kontseiluan ahots eta bozka izatea, hain zuzen ere.
Ideia horrek jeltzaleei zalantzak sortzen zizkiela badakigu eta funtsezkoa den gai batean akordiora iristeko egindako ahalegina baloratzen dugu. Izan ere, Udalek beraientzat den finantziazioaren zatiari buruzko erabakia hartzea baino gauza logikoagorik ez dago. Kontzertu ekonomikoak dioenez, aldundiek biltzen dituzten zergen %30a udalentzat da eta udalen ordezkaritzak egingo du diru horren banaketa inork baino hobeto.
Udal legeak gai ugari biltzen ditu baina finantziazioa zutabe nagusia da,horrek baldintzatuko baitu udalek dituzten eskumenak garatu ahal izango dituzten. Eskumen horiek gainera adosteko bidean dagoen Udal Legean zehaztuko dira lehen aldiz. Eta konpromiso garrantzitsu bat gehitu da: etorkizunean eskumen gehiago ematen bazaizkie udalei, eskumenak finantziazioaren igoerarekin batera joango dira.
Udal legeak toki erakunde, kuadrilla eta mankomunitateen eskumenak ere finkatuko ditu, udalen funtzionamenduari lotuta daudelako.
Horrenbesteko garrantzia duen gaia denez, legea idaztea ez da erraza izango, udalek zerbitzu ugari ematen baitituzte eta horrek zehaztasun maila handia eskatzen du. Adibide baterako, udal musika eskola eta udal euskaltegien finantziazioa bezalako gai zehatzak negoziatu eta adostu dira.
Azken Alkartasuna aldizkariaren zenbakiaren editorialean esaten genuen bezala, Euskal Herriak nazio eskubideen alorrean aurrerapausoak emango baditu, EH Bildu eta EAJren arteko lanari esker izango da. Garai batean EAJ alderdi guztiekin egiten zituen akordioak, independentismoarekin ezik, eta hori aldatu dela ikustea oso garrantzitsua da.
Alde batetik, hiritarren beharrei erantzun egokiagoa emango dion udal erakundearen hazia landatu da, euskalduna eta parte hartzailea. Bestetik,emaitza zehatzak ematen dituen bidea zabaldu da.