Pandemiak baldintzatutako ikasturtean Euskal Herriko eragileen ahotsa izan da Madrilgo Senatuan Idurre Bideguren. “Hori izan da gure asmoa, herri, herritar, elkarte eta enpresek Espainiako Gobernuaren menpe dituzten gaietan eragiteko ordezkari lanak egitea” adierazi du senatariak. Lan horretan eta horretarako, bide batez, ministerio ezberdinekin harremana sendotu du ordezkariak.
Enplegua eta osasungintza izan dira senatuan gehien landutako lanak. Enplegu arloan horren kaltegarria izan den PPren Lan Erreforma bertan behera uztearen beharra behin eta berriz aldarrikatu du senatariak. Era berean, Covidaren ondorioz onartutako ABEEak kaleratzeetan ez amaitzeko tresnak eskatu ditu Euskal Herriko hainbat enpresen egoera gogoratuta, hala nola, Tubacex, ITP, Aernova, Alestis, matricerías Deusto, GTS, Valvospain edo Kelvion.
Osasungintzan, txertaketa plangintza zehatzagoa eskatu zuen prozesua hastear zela eta hori hainbat azkarren egitearen garrantzia azpimarratu du, osasun sistema publikoaren defentsa irmoa eginda. Era berean, txertoen patenteak liberalizatzeko ekimena adostu eta aurrera ateratzea lortu da senatuan EH Bilduren ekimenez.
Pentsioen inguruan ere hainbat alditan aritu da Bideguren senataria pentsioen erreforman fokua jarriz eta pentsio minimoak aldarrikatuz, besteak beste. Arlo horretan, aipatzekoa da polioarekin kaltetutako pertsonen eskubideen alde arlo horretako euskal elkartearekin egindako lana.
Transizio ekologikoa ere oso presente egonda EH Bilduko ordezkariaren lanean, eta ez du horrekin lotutako gaurkotasun gaiak ahaztu: argindarraren prezioa edota frackinga besteak beste.
Ikasturteko laburpena egitea eskatuta, “Hego Euskal Herriko udal, pentsiodun, gazte, umeen eta langileen ahotsa izan gara”, dio Bidegurenek. Hainbat sektoretako langileen ahotsa izan gara: Bilboko portuko estibadoreak, industria aeronautikokoak, langile autonomoak, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantza kofradiak, pelukeria eta estetika zentruak…
Amaitzeko Haurren, Aldaketa Klimatiko eta Lan esparruko hainbat lege proiektuetan parte hartu duela ere nabarmendu du, “Euskal Errepublika lortu arte, euskal herritarrei eragiten dieten legeak hobetzea beharrezkoa delako”.