“Sistemaren akatsei irtenbidea emateko eta garapen eta ongizate eredua eraikitzeko politika publikoetan ikuspegi berriak aplikatu behar direla” agerian utzi du Covid 19ak sortutako krisi ekonomiko eta sozialak, Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak Goi Ganberako Lan Batzordean esan duenez.
Eusko Alkartasunaren Kontseilu Nazionaleko kide den Bidegurenek Estatuaren egoera ekonomikoa errepasatu du, baita PSOE eta Unidos Podemosek osatzen duten Gobernuak onartutako neurriak ere, eta kalitatezko enplegu jasangarria, sistema publiko indartsuaren beharra, zainketaren esparrua, eta emakumeen eta gazteen behar espezifikoak izan ditu ardatz.
Senatariak kalitatezko enplegua sortzeko beharra azpimarratu du, euskal lan merkatuaren behin-behinekotasun datuak Estatuarenak baino hobeak ez direla aitortuz, “araudia berdina da eta”. Hala, “Legea aldatzea beharrezkoa” dela esan eta EH Bilduren laguntza eskaini du helburu hori lortzeko: “helburu berdinak dituzten alderdi, sindikatu eta eragile sozialek bultzatuta etorriko dira aldaketak”.
EH Bilduren ustez, Covid 19ren eragina handiagoa izan da Estatuaren garapen ereduaren ondorioz, adibidez, Bidegurenek gogorarazi duenez, “malgutasun handiagoak enplegu gehiago sortuko zuela esan zuten, baina ez da egia”.
Batzordearen gaia aztertzeaz gain, EH Bilduko senatariei errespetuz hitz egiteko eskatu dio Bidegurenek Vox alderdiko ordezkariari: “Erakundeetan EH Bildu ETA dela esatea ez da onargarria, ez gara etakideak, ezta bilduetarrak ere”. Senatariak EH Bilduk euskal gizartean duen babesa gogorarazi du, eta errespetua exijitu du.
Hemen ikusi dezakezu Idurre Bidegurenen hitzaldia: