Hego Euskal Herrian Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta ez dela Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren menpe egongo ohartarazi dio Idurre Bidegurenek Espainiako Gobernuari. Jose Luis Escriva Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroari galdetu dio EH Bilduko ordezkariak gaur Senatuan egindako Osoko Bilkuran Madrilgo Gobernuak garaiz eta behar bezala transferituko ote duen Bizitzeko Gutxieneko Diru Sarreraren kudeaketa osoa EAE eta Nafarroara.

BGDSren transferentzia Espainiako Gobernuak “bete ez duen beste konpromiso bat” dela gogorarazi du Bidegurenek, eta Hegoaldeko erakundeentzat prestazioaren tramitazio hutsa onartzea “atzerapauso argia” litzatekeela ohartarazi du, “30 urte baino gehiagoko ibilbidea duten diru-sarrerak bermatzeko sistema propioak dituztelako”. Zentzu horretan, “guztiontzako kafea baino politiko bidegabeagorik” ez dagoela salatu du.

EH Bildurentzat lehentasunezko gaia da BGDS, “gehien behar duten pertsonen babesarekin eta diru-sarrerak bermatzeko euskal administrazioen sistemarekin baita horrek behar dituen erreformekin harremana duelako; era berean, gainerako babes-politiken, enplegu-politika pasiboen eta, oro har, gizarte-segurantzaren politiken transferentziekin” lotuta dagoela, azaldu du Bidegurenek, azken puntu hori arazoaren jatorria dela azpimarratuta.

Bidegurenek argi adierazi du euskal erakundeak ez direla “Espainiako Gobernuaren sukurtsala eta DSBEa ez dela BGDSren menpe egongo”. Era berean, “herritarrak zaintzeko eta babesteko tresna propioak” eskatu ditu. Zentzu horretan, BGDSa “berme sistema propioa indartzeko aukera” izan daitekeela esan du senatariak.

Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, EAEn bizi diren 5 pertsonatik 1 pobrezia egoeran dagoela azpimarratuta arazoaren garrantzia azpimarratu du senatariak: “Haurren pobrezia areagotzeak kezkatzen gaitu, eta horrek premiazko erantzuna egokia behar du”.
IMG-20190530-WA0011