Datozen hauteskundeetan erabakiorra izango den koalizioa aurkeztu da gaur Donostian: BILDU. Izen hau erabaki da Eusko Alkartasuna, Alternatiba eta honekin bat egin nahi duten abertzale eta pertsona ezkertiarrek osotuko duten koaliziorako.

Bilduren aurkezpena gaur goizean burutu da Donostiako Miramar jaureguan egindako ekitaldian; bertan Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, Oscar Matute Alternatibako bozeramaileak eta Bakartxo Ruiz Herritarron Garaia plataformako kideak parte hartu dute.

Ekitaldian aurreratu den moduan, datorren larunbatean, hilak 9, Donostiako Kursaalean arratsaldeko 5etan egingo den ekitaldian udal eta foru hauteskundeetarako hautagaiak aurkeztuko dira.

Pello Urizar, EAko idazkari nagusiak koaliziaren zergatia eta beharra azpimarratu ditu; hauek izan dira bere hitzak:

“Batasuna Euskal Herrian benetako eta behin betiko aldaketa politikoa eta soziala lortzeko formula bezala. Horixe da Euskal Alkartasunak, Alternatibak eta gizartearen aurrean BILDU izenarekin agertzen den egitasmo subiranista eta ezkertiar honekin bat egin nahi izan duten lagun independenteok gaur gizarteari aurkezten diogun eskaintza.

Egitasmo hau hauteskunde-bezperetara iritsi da prozesu luze bat bete eta gero. Prozesu horretan konplizitateak josi dira, akordio estrategikoak sinatu dira eta etorkizunari begirako helburu komunak zehaztea lortu da, bai nazio politikari dagokionez, bai instituzioen kudeaketa politikoari dagokionez.

Akordio-marko zabal eta zehatzak adostuta erabaki dugu elkarlanaren emaitza aurkeztea datorren maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetarako.

BILDU sustatu dugunontzat subiranisten arteko batasunean oinarritutako hauteskunde-eskaintza bat egituratzea inoiz ez da ezkutatu beharreko helburu bat izan, ez eta B plan bat ere. Akordioa indar eraldatzaile bilakatuko dela uste dugu, eta Euskal Herria benetako bake egoera batera eramango duela, agertoki batera non pertsona guztien giza eskubideak eta eskubide zibilak, politikoak eta sozialak errespetatuak izango diren.

Aldaketa politikoa egiazkoa da. Egun, apirilak 2, dugun egoera politikoa ez da duela urtebete geneukana, eta hori onartu egiten dute indarkeriarik gabeko konponbide baterantz emandako urrats guztiak zalantzan jarri dituztenek ere.

Ez gara BILDU osatzen dugunok nahi dugun egoera politiko eta sozialera iritsi, ezta gutxiago ere, baina onartu behar dugu batasun independentistaren lidergoarekin egin dugun bideak ahaleginak eskatzen dituela gizarteari tresna eraginkor bat eskaintzeko, egindako ibilbidea sendotu eta burutu ahal izateko azkeneko helburuari begira, hau da, erabakitzeko eskubidea eta berdintasunezko gizarte bat lortzeari begira. BILDU ahalegin horren fruitua da, egungo egoerak eta euskal gizarteak berak aukera historiko hau baliatzeko neurria ematea exijitzen digutelako uste osoa baitugu.

BILDU islatzen duen batasuna gure herriaren hiru sentsibilitate politikok osatzen dugu, ibilbide ezberdinak izan ditugun eta askotan bat etorri ez garen hiru sentsibilitatek, hain zuzen ere, baina guztiok euskal gizartearen zati handi baten helburu politikoei erantzuten dien eskaintza osoa eta bakarra egituratzen laguntzen dugu.

Nazio eraikuntzari dagokionez, BILDU ñabardurarik gabeko independentismotik subiranismoraino doa, eta oinarrian gure etorkizuna askatasunez erabakitzeko nazio gisa dagokigun eskubidearen defentsa amorratua dauka, horixe baita proiektu honen oinarri nagusietariko bat.

Gizarte eraikuntzari dagokionez, sozialdemokraziatik ezker tradizionaleraino doan esparru ideologikoa ordezkatzen dugu, berdintasunezko gizarte justuago bat eraikitzeko helburuarekin.
Nazio eraikuntza eta gizarte eraikuntza instituzioetara eraman behar dugun eskaintza bakar batean, subiranotasunak gizartean duen pisua instituzioetan ere izan dezan, azken urteotan boto abertzalearen atomizazioak eta Alderdien Legeak pisua kendu baitiote.

Horrexegatik, instituzioek bere burua nagusiki ezkertiar eta subiranistatzat jotzen duen gizartearen isla izan behar dutelako, gaur hemen gaudenok uste dugu hori batasun subiranista indartsu baten eskutik bakarrik iritsiko dela.

Interes komunak alderdi-interesen gainetik jartzeko erabakiak aukera ematen du aldaketa politikoa sendotzeko tresna bat gizartearen eskuetan jartzeko, gatazkaren konponbiderako urratsak emateko eta aldaketa gizartearengandik gertuen dauden erakundeetara eramateko, alegia, udaletxeetara, foru aldundietara eta baita Nafarroako parlamentura ere.”

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna