Juanjo Agirrezabala Oihane Zabaleta eta Mariano Alavarekin Juanjo Agirrezabalak bere kexa aurkeztu du formalki Legebiltzarreko Bozeramaileen Batzordean, ostiralean Arantza Quiroga Bilduko kargu publikoekin prentsaurrekoa egiten oztopatzen saiatu baitzen. PP soilik agertu da presidentearen jokaeraren alde.

Juanjo Agirrezabalak legebiltzar-talde gehienen babesa jaso du gaur Arantza Quiroga Legebiltzarreko presidentearen jokaera salatzeko orduan. Izan ere, Quiroga EAk deitutako prentsaurreko bat galarazten saiatu zen ostiralean Bilduko bi kargu, Oihane Zabaleta Urretxuko alkatea eta Mariano Alava Amurrioko zinegotzia, hain zuzen ere, bertan parte hartzekoak zirelako. EAko legebiltzarkideak bere kexa aurkeztu du formalki Bozeramaileen Batzordean eta PP bakarrik agertu da Quirogaren alde.

Gehiengoak bat egin du Agirrezabalarekin legebiltzar-taldeen adierazpen askatasunaren alde eta euren komunikazio politikak kanpoko injerentziarik gabe antolatzeko eta erabakitzeko eskubidearen defentsan. Horren harira, EAko ordezkariaren salaketa babestu dute gainontzeko bozeramaileek, Quirogaren jokaera arbitrarioa gaitzetsiz, inolako argudiorik eman gabe Bilduko kargu publikoen agerraldia debekatu baitzuen. Taldeek horrelakoak ez errepikatzeko eskatu diote Legebiltzarreko presidenteari, horrek instituzioaren irudia kaltetu baino ez duelako egiten.

Agirrezabalak aintzat hartu du talde gehienek Quirogari emandako erantzuna. Bere iritziz, PPkoak “Bildurekin duen obsesioa agerian utzi du eta bere izen ona galtzen ari da legebiltzar-talde baten adierazpen askatasuna murrizten saiatu baita”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA