Espainiako banderapean arrantzan egiteak piratak erakartzen ditu, salatu du Joseba Gezuragak
Joseba Gezuraga Bizkaiko Batzar Nagusietako Eusko Alkartasunako bozeramaileak arauz besteko proposamen bat aurkeztu du Indiako Ozeanoan bahituta dagoen “Alakrana’ Bermeoko atunontziaren alde. Gezuragak “sendotasuna eta arrantzaleak babesteko neurri eraginkorrak” exijitzen dizkio espainiar Gobernuari.
Indiako Ozeanoan lanean ari diren euskal arrantzaleak espainiar Gobernuak abandonaturik daudela salatu du EAk bere mozioan. Bere iritziz, “Espainiako banderapean arrantzan egitea erakargarri bihurtu da piratentzat, Zapateroren Gobernuak euskal atunontziak abandonaturik dituela argi dagoelako; horregatik gertatu da bahiketa berri hau”.
Gezuragak mozioan zehaztu duen bezala, “Frantziako eta Italiako itsasontziek Somaliako kostaldetik 250 milietara arrantzan egiten dute, baina euskal arrantzaleak, ordea, 400 milietara ere ez daude ziur, ‘Alakrana’ puntu horretan bahitu dute eta”.
“Beste Estatuetako itsasontziek babes militarra eta defentsarako armamentua dute; hortxe dago aldea, euskal atunontziek babesik gabe lan egiten dutelako eta, beraz, gero eta urrunago egin behar dute”, salatzen du EAren mozioak. Eta gaineratzen duenez, Bermeoko flotaren zati bat kostaldetik 600 milietara baino urrunago aritzen da “eta, ondorioz, arrantza urria da baina, hala eta guztiz ere, itsasontziak ez daude piraten erasoetatik salbu”.
Halaber, Indiako Ozeanoan euskal atunontzien jarduera zalantzan jartzen dutenei aurre eginez, EAk arrantza nazioarteko uretan egin dadila eskatzen du, tradizionalki Ozeano Atlantikoan, Ternuan edota Eguzki Handian egin den moduan.
Gezuragak arrantzaleen lanak euskal ekonomian duen eragina nabarmendu du, bai ontzigintzan, bai industria laguntzailean, bai kontserbagintzan, eta hori dela eta, Indiako Ozeanoan aritzen diren euskal arrantzaleei babes osoa emateko eskatu die Bizkaiko Batzar Nagusiei, bai eta espainiar Gobernuari ere “euskal flota eraginkortasunez eta berehala babes dezala”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna