Iker Rahonak, EH Bilduko Bizkaiko batzarkideak, 2020-2023 Enplegu Planeko erronken eta proiektuen emaitzak aztertu behar direla defendatu du. Hala adierazi du PPk gai horri buruz aurkeztu duen arauz besteko proposamen baten eztabaidan eta bozketan.
“Enplegua eta langabeziaren aurkako borroka pandemia baino lehenagokoa” zela defendatu du Rahonak, eta “Euskadin eta Bizkaian erronka handia” dela azpimarratu du. Gainera, nabarmendu du “covid-ak 2008ko krisiaz geroztik oso ahulduta zegoen sistema kolpatu baino ez zuela egin”. “Bizkaiko lan-merkatua segmentatuta eta prekarizatuta zegoen. COVID-19ak larriagotu egin du”.
“Egia da covid-aren aurreko zifretara hurbiltzen ari garela, baina EH Bildurentzat ez da hori asmoa, covid aurreko egoera txarra zelako eta erronka egitura-aldaketa bati ekitea zelako”. “Lan duinean oinarrituko den eta erronka berrietara egokitu beharko den garapen ekonomikoaren alde egitea. Hori zen EH Bilduk egiten zuen eta defendatzen dugun aldarrikapena”.
Rahonaren arabera, “kalitatezko enplegua lortzen laguntzea da 2020-2023 Enplegu Planaren erronka. Baina zaila dirudi egoeraren araberako neurriak egiturazko arazoak konpontzeko gai izatea”.