Eusko Alkartasunak unibertsitatean jipoitua izan zen gaztearen erasoa salatzen du, eta bere ekinbide politikoarekin jarrai dezan eskatzen dio, “horrek indartzen baitu demokrazia”
Iragan astean ikasle bati bere ideia politikoengatik eman zioten jipoia guztiz gaitzesten du Eusko Alkartasunak.
Iker Ruiz de Egino bozeramaileak hurrengo adierazpenak egin ditu:
“Ideia politiko ezberdinak izateko askatasuna defendatu behar dugu, hori baita demokrazia. Beste edozein ekinbide, jarrera faxista baten seinale da”.
“Gaur egungo euskal gizartean horrelako bortizkeria kasuak salagarriak ez ezik, guztiz lekuz eta denboraz kanpo daude, eta ez dira inolaz onargarriak; are gehiago unibertsitatean, ideia anitzen sorleku eta elkartze gunean”.
“Gai hau askok erabiliko dute antzinako egoera bati probetxu politikoa zein mediatikoa ateratzeko. Guk argi daukagu bakea zorrozteko garaian gaudela, eta gizarte geroz eta biolentoago baten bake kultura aldarrikatzea ez dela aukerarik errazena, baina bada normalizazio demokratikoa lortzeko aukera bakarra”.
“Gure babesa helarazi nahi diogu jipoia jaso zuen gazteari, demokrazia osasuntsu bat izateko ekimen politikoa defendatzen duen jendea behar dugulako. Konfrontazio politikoak indartzen baitu gizarte demokratikoa, edozein eraso biolentok berau ahultzen duen bitartean”.