Erraztik dio PSOEk PPren metodoa bere egin duela «herriari sinestaraziz gatazkarik ez dagoela» J. Sagarzazu
Ekaitzaren ondotik dator barealdia. Hauteskunde kanpaina pil-pilean dagoenean, Zapaterok eta Raxoik, biak ala biak, Espainiako gobernuburu izateko lehian, «euskal gatazka» haien agendatik alboratu izana susmagarri deritzo Begoña Erraztik, EAko presidente ohiak.
Erraztiren aburuz, aurreko kanpaina batzuekin erkatuz, «ezohikoa» da PSOEko kideek aurten hartutako jarrera: «Euskal gatazka» botoak lortzeko «erabili» nahi ez izatea, alegia.
Haatik, alderdi politikoen jarduerak etetea, kartzelatzeak, 18/98 auziak… hauteskunde kanpaina hasi aurretik hauteskunde lehia eta, oro har, euskal gizartea «desorekatzeko» Espainiako Gobernuak abiarazitako ekimenak izan zirela salatu du EAko presidente izandakoak. Hori, «Ppren metodoekin bat egitea» esan nahi du Erraztiren aburuz: hots, «herri honi sinestaraztea inolako gatazkarik ez dagoela».
EAko presidente ohiaren arabera, PSOEk ez du agerian utzi nahi bake prozesuan herritarrak «engainatu» zituela. «Agian, duela lau urte emandako hitza bete ez duelako izango da» edo Zapateroren aldarte ona «faltsua» delako. Erraztiren aburuz, «Moncloara iristeko interesek» gatazka politikoa konpontzeko «esperantza guztiak apurtu» dituzte, eta hori da, hain zuzen ere, sozialistek ezkutatu nahi dutena. «Penagarria» da, dio EAko kideak, «badakitelako konpontzeko arazoen artean euskal gatazka izango dutela zintzilik».
Erraztik agerraldia egin zuen atzo Bilbon, Espainiako Kongresurako EAren Bizkaiko zerrendaburu Martin Aranbururekin batera. Biak bake prozesuari heltzeko deia egin zuten,«inolako aurre baldintzarik gabe» eta ideia politiko guztien partaidetzarekin.
Erraztiren ustez, PSOEk bake prozesua erabaki judizialekin «estali» zuen, «herri honetan gatazka politikorik ez dagoela sinestarazteko». PSOEko kideen jarrera horrek aditzera eman du «irtenbiderik ez dagoela» edo, izatekotan ere, «ideien aurkako legeak muturreraino eramanda» soilik lor daitekeela. «[Espainiako Gobernuak] ez du agerikoa den egi demokratiko bat onartu nahi: herri hau nazio bat dela». Nazio izaeraren onespenean lan egiten jarraituko dutela hitz eman dute EAko kideek. «Erronka historiko bat daukagulako, erabakiko dugu».
ZUBIAK BERRERAIKI. Euskal Herriak pairatzen duen «sufrimendua» areagotzea leporatu dio Erraztik Espainiako Gobernuari. Herriak merezi duen irtenbidea ukatu eta hori «eskubideen urraketaren» bitartez egin izana egotzi dio Zapaterori. Izan ere, alderdiak legez kanporatu ondoren eta bake prozesuan interlokutore izandakoak atxilotuta, ahalegin handiz eraikitako zubiak suntsituta gelditu direla adierazi du Erraztik. Prozesu honek elkarbizitzari kalte baino ez diola egiten salatu du, eta «bakea» atzeratzen duela. Hartara, EAk elkarrizketa eta elkarbizitzaren apustu sendoa egiten duela berretsi du Erraztik. «Erabakitzea da dugun erronka».
Espainiako Kongresurako EAren Bizkaiko zerrendaburu Martin Aranburuk nabarmendu du haren alderdiaren «fidagarritasuna». Aranburuk esandakoaren arabera, EA edozein alderdirekin bilduko da – «PPrekin, Batasunarekin, Espainiako eta Europako alderdiekin»- beti ere elkarbizitza eta bakegintza sustatu nahi badira.
Lotura: Lotura bisitatu
Jatorria: Begoña Errazti