Confebaskek ETAren biktima izan diren enpresariei omenaldi bat egingo die ostiralean, eta ez du EH Bildu gonbidatu. Hau izan da eman diguten argudioa: “ez da une egokia, biktimen denborak errespetatu behar dira”.
Eusko Alkartasunako idazkari nagusi bezala, harro sentitzen naiz ETAren biktima izan diren enpresarien alde agertu izan garelako beti, biktima guztien alde egon izan garen moduan, biolentzia nondik zetorren begiratu gabe.
Badirudi baina, gure babesa ez dela nahikoa izan, EAko kideak ez baikara gonbidatuak izan ekitaldira. Gonbita ez jasotzea ez da arduratzen gaituena, ez baitugu inoren onespena behar jakiteko EAkideok Giza Eskubideen defentsan eman dugun borrokak sekulako balioa izan duela egungo egoerara heltzeko. Arduratzen gaituena da Confebaskek bere gain hartzea biktimen denborak zeintzuk izan behar duten.
Orain sei urte abiarazi genuen EH Bildu, besteak beste, Euskal Herrian bakea eta elkarbizitza lortzeko asmoz, eta horretan gabiltza. Bai EH Bilduk, baita berau osatzen dugun alderdiok argi dugu biktimen denborak errespetatuak izan behar dutela, eta horregatik diskrezioa izan da gai hau kudeatzeko giltza. Hemerotekara begiratu besterik ez dugu biktima ezberdinen omenaldiak nola kudeatu diren ulertzeko: pazientziaz, sukalde lanaz, eta txingurri pausoz. Garbi dugu baita ere EH Bildu elkarbizitzan lagungarri izango den gune orotan egongo dela, baina laguntza baino galga den lekuan, ez da egongo. Eta lan honetan ere Eusko Alkartasunak paper arduratsua jokatu du.
Horretan bai baidatza kontua, arduraz eta begirunez, egoerak eta gizarteak eskatzen duen neurrira egotean alegia. Horretarako, diskrezioz lan egiteko prest egon behar gara, zubigintzan tinko, eta jakinik, elkarbizitza erdiesteko, pauso ezeroso baina beharrezkoak eman behar direla hurkoarenganako.
Kontrakoa egitea, gure ustez, konfrontazioa mantendu nahi dutenen lubakietan sakontzea litzateke. Confebaskek gai hau kudeatzeko moduak ikusita, galdetzen diogu gure buruari ez ote den hori izan kontu guzti honen helburua.
Nola EAk, hala EH Bilduk ulertzen dugu euskal eragile politiko, ekonomiko eta sozial guztiak beharrezkoak direla benetako elkarbizitza sendo eta iraunkorra erdiesteko, eta Confebask ere asmo berekotzat jo nahi dugu. Izan ere, askotan eseri izan gara mahai inguruan hainbat gai jorratzeko, eta aurrerantzean ere hala beharko du izan. Batzuetan, akordiotara helduko gara, bestetan ez, baina elkarrizketari atea ez zaio behinere itxi behar.
Eusko Alkartasunako kide asko enpresari dira, Confebaskeko kide ere zenbait, eta gure larrutan bizi izan ditugu ETAren mehatxuak eta ekinak. Eta horren gainetik, edo akaso horri esker badakigu zein eskuzabala den bizikidetzaren alde lan egitea. Hori egiten diardugu, eta horregatik eskua luzatzen diogu Confebaski, beraien aldetik eta guztion mesedetan, elkarbizitzari ekarpena egiten jarrai diezaiogun, bakoitzak bere esparrutik, adorez, zintzotasunez, eta bihotz-zabaltasunez.
Pello Urizar Karetxe