Onintza Lasa
Maiatzaren 25ean, Hego Euskal Herrian, Udal, Foru Aldundi eta Nafar Parlamenturako hauteskundeak egoera oso berezi batean eman dira. Azken hilabeteetan demokraziaren oinarrien atzerakada itzela eman da. Batetik, eta urte gehiegitik hona, herri honen defendatzaile omen den ETA erakundeak biolentzia erabiliz, funtsezko giza eskubideen aurka ekiten dio, sufrimendua eta samina barreiatuz.
Bestalde, eta biolentzia hori aitzakiatzat harturik, estatu estrategia garbi bat ari da aurrera eramaten Madrildik, Zuzenbideko Estatuaren oinarriak hutsaren hurreneko parean utzirik, alderdi interes batzuen alde jokatuz, azken helburua abertzaletasunaren aurka joatea delarik.
Ondorioz, Eusko Alkartasunak «Demokrazia defizit» bat bezala definituriko eszenatoki politiko arriskutsu batean kokatuta aurkitzen gara. Demokrazia, hurkoarekiko errespetua, giza eskubide guztien defentsa eta beste balio demokratikoak gure eguneroko ekintzetan aldarrikatzen ditugunok, edozein urraketaren aurrean gure ahotsa altxatuko dugu, gure salaketa egikarituko dugu. ETAren ekintza justifikaezinak beti salatu eta gaitzetsiko ditugu, elkarrizketa bideak defendatzen ditugun bitartean, konponbiderako tresna baliagarri gisa.
Demokraziaren zentzu berberean, pertsonen hauteskundeetara aurkezteko eskubidea ere defendatuko dugu. Abertzaletasun eta herri honen aurka joatearen helburu honetan, Madrilgo Estatuaren «denak balio du» estrategia ere salatuko dugu. Politikan, «denak ez baitu balio».
Demokraziaren arauak defendatu behar dira eta ezin da legedia norberaren komenientziara eta komeni den uneetan aldatu, gehiengo osoaren erabilera txarra eginez. Zein demokrazia sinesgarritasun ematen du botere banaketa urratuz gain, ordezkaritzaren isla duen erakunde garrantzitsuena, hots, Legebiltzarra ere zanpatu nahi duenak? Edo justiziaren eta legeen prozedura arauak aldatzen dituenak?
Gizarteak, probokazioa eta krispazioa sortu nahi honen aurrean, irmo baina buru hotzez erantzun behar dio. Ezin dugu desestabilizazioaren jokoan sartu, ezin dugu abertzaleen artean elkar joka aritu, ezin dugu Madrildik gure herriaren aurka pentsaturiko estrategia honetan Alderdi Popularra eta Alderdi Sozialistaren jokoan erori. Izan ere, ondo baino hobeto ateratako kalkuluen arabera, PP eta PSOEren itunaren etsairik nagusiena den abertzaletasunak, Batasunaren ilegalizazioa medio, ordezkaritza galduko luke. Eta, ondorioz, indar abertzaleek erakundeetan partaidetza gutxiago izango lukete gure herriaren eskubideak defendatzeko.
Eusko Alkartasunaren aburuz, alderantziz, arau demokratikoen bidez erantzun behar dugu, arrazoia izateak ematen duen zilegitasunez eta ziurtasunak ematen duen serenitatez.
Hori da Eusko Alkartasunako zinegotzi, alkate eta bestelako kargu publikoek dugun helburua. Ordezkatzen dugun herriak gugan jarri du konfiantza herri honek aurrera egin dezan, giza eskubide indibidual zein kolektiboen defentsatik. Honen arabera, jakina da, badagoela gizarteko zati handi bat erakundeetan ordezkaritzarik izango ez duena.
Egoera honen erantzule zuzena Euskal Herriaren aurka egiten duten indarren estrategia da, eta guztiok gogoeta egin beharko genuke zein izan den gure parte hartzea guzti honetan. Bereziki, beren burua esklusiban ezker abertzaletzat jotzen dutenek egin beharko lukete. Kanpaina aurretik, kanpaina bertan eta baita ondoren ere eraman duten estrategia horren ondorioak zer nolakoak izan diren Euskal Herriko gatazkari irtenbide egokia emateko, eta euskal gizarteak hainbestetan aldarrikatu duen bake eta normalizazioa lortzeko. Beren jarrerak, azken finean, zertan laguntzen duen. Madrildik finkaturiko estrategian murgildurik, egoeraren injustizia erakundeetako ordezkaritzatik defenda zezatela bermatzeko lan eta pausoak eman ordez, beste alderdi abertzaleekiko erantzukizuna exijitu dute, egin beharreko lan arduratsu eta serioa desbideratuz. Arazoari erantzun arduratsua eman ez ezik, erakundeetatik egoera sala zezaketen, eta ez da hori hautatu duten bidea. Ondorioz, beraiei dagokie, hein handi batean gertatu denaren eta jokatu duten paperaren gogoeta serioa egitea!
Eusko Alkartasunan elkarrizketa aldarrikatzen jarraituko dugu, bide politiko eta demokratikoak erabiliz, salbuespenik gabe, guztiontzat giza eskubide guztiak errespeta daitezen exijituz. Eta hori guk, ordezkariok, bermatuko dugu erakundeetan egindako lanetik.
Jatorria: Onintza Lasa