Euskal presoarentzat «diktaduren berezko neurria» eskatzen ari dela adierazi du Justizia sailburuak
«Erretorika hutsa eta justiziaren duintasunerako kaltegarria» dela iritzita, Joseba Azkarraga EAren Idazkari Nagusia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak «lekuz kanpokotzat» jo du Auzitegia Nazionaleko Fiskaltzak Iñaki de Juana Chaos euskal presoaren etxebizitza bahitzeko egin duen eskaera. «Paparra gehiago nork atera lehian dabiltza, haurren moduan», adierazi du Azkarragak.
Abuztuaren 2an kartzela utziko du De Juanak, hiru urteko espetxe zigorra bete ostean. Donostian biziko den etxe azpian ETAren biktima bat bizi dela argudiaturik, presoari etxe horretan bizitzea galarazteko eskatu dute zenbait biktimen elkartek eta alderdi politikok. De Juanaren «deserriratzea» eskatzen ari direla uste du Azkarragak, eta hori «diktaduretako neurria» dela gogoratu du, «hain zuzen, frankismoak natural-natural erabili zuen».
PPren eskaera Udalari
Donostiako Udaleko PPk De Juana persona non grata izendatzeko eskatzen duen deklarazio instituzionala aurkeztu zuen atzo. Maria Usandizaga zinegotziaren hitzetan presoa kalean ikusteak «frustrazio ikaragarria sortuko du ETAren biktimengan, haien senideengan eta gizartearen baitan».
Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria