Euskal Herriaren egungo egoera politikoa markatu duen astearen bosgarren urteurrena beteko da datozen egunetan: 2011ko urriaren 17an Aieteko Adierazpena sinatu zen eta 20an ETAk bere jarduera armatua behin betiko uzten zuela adieraz izuen. Gure historia hurbila markatu zuten egunak dira, baina egia da gaurtik ikusita 2011ean uste genuena baino dezente gutxiago aldatu dela egoera.
Estatu frantsesean ETAren zulo bat aurkitu dutenaren berria, adibidez, 2011 baino lehenagoko déjà vu bat ematen du. Orduan Parisek opariak egiten zizkion Madrili –armak antzematea edo atxiloketak- urriak 12 bezalako egun seinalatuak ospatzeko. Oraingoan ere, zuloak “Hispanitatearen Eguneko” desfile tristetik atentzioa kentzea posible egin zuen. Eta tristea ez bakarrik egin zuen euriagatik, baizik eta Espainiako egoera politikoarengatik.
Dena den, oparia ez zen horrenbesterako izan. Zuloan zeuden armak Paris eta Madrileko gobernuentzat ziren aurretik ere, nahiz eta nazioarteko bitartekarien bidez izan. Armen hartzeak zerbait erakutsi badu da Espainiar eta Frantses estatuak ez daudela geldi. Guztiz kontrakoa, bide poliziala lehenesten duen plan landua dute eta edozein elkarrizketari muzin egiten diote, horrek Euskal Herrian dagoen benetako arazoa politikoa dela azalarazteko beldurrez. Horrela gainera, ez dute ETAren behin betiko amaiera posible egiten, subiranotasunaren aldeko ekimen sozialen aurka erabiltzeko edo ezkerreko independentismoaren atzean dagoen itzala bezala mantenduz.
Egoera absurdora garamatza honek, eta behin eta berriz esan denez, munduan sekulan eman ez den kasu batera. Baina gainera, ez da nahi dugun egoera, jakin badakigu ETAk ez dituela berriro ere armak hartuko baina guztiz kontrolatuta ez dauden armak egotea ez da batere logikoa. Eta, noski, pertsonei eragiten dieten gatazkaren ondorioak ere hor daude.
Kuriosoa da Espainiako Gobernuak argi uztea ez duela armak uztearen ordainez ezer egiteko asmorik, eta orain presoen hurbilketarako baldintzak jartzea. Kuriosoa eta beste gauza batzuk, izan ere hurbilketa legea betetze hutsa da. Eta Madrilek inolako aktibitaterik ez duen erakundeari baldintzak ezartzen dizkion bitartean, pertsona askoren sufrimenduak jarraitzen du.
800 kilometrotara preso duen senitartekoari bisitak egitea kezka nagusia duten euskaldunak daude, eta bestetik ez diogu elkarbizitzaren eraikitzeari ekiten. Elkarbizitza maiuskulaz, ETAren ostekoa, eta biolentzia guztien biktimekin lan itzela egitea eskatzen duena.
Duela bost urte ikusten genituen aukerak ez ditugu oraindik guztiz garatu eta hori egiteko bide bakarra aldebakartasuna dela argi dago, Espainian aldaketarik ez dela egongo ikusita. Aldebakartasuna da bidea ETArentzat, bai, baina baita euskal gizarteak bere bidea egin dezan, ez bakarrik subiranotasunaren arloan, baita bakean, normaltasun politikoan eta gizarte justizian.
Gaur, Aitetik ia bost urte igaro direnean, estatuek eman nahi ez duten urratsaren zain gaudenaren inpresioa dugu. Beto horri ere ezetz esaten diogu. ETAk itxaroten jarraitzeari uko egiten diola esan eta estatuek esaten dutenari kasu egin gabe urratsak ematen jarraituko duela adieraztea ere berri ona litzateke.