Euskal Herriaren hurbileko historia markatu duen astearen bosgarren urteurrenean déjà vu bat bizitzen ari ginelako sentsazioa genuela, 2011rako buelta alegia, esaten genuen aurreko astean. Aste honetan sentsazio hori handitu egin da, iraganerako buelta egin dugu Altsasuri begira eta izugarri handitu diren gertakizunen bidez. Altsasun gertatutakoa ez dago batere argi: pertsona bati eraso egin ziotela eta medikuaren arreta behar izan zuela, hori da bakarrik dakigun gauza bakarra, eta hala ere egunkariek orriak eta orriak bete dituzte Altsasun gertatutakoarekin, eta telebista-irratiek hainbat minutu eskaini diote.
Bortxakeria arbuiatu beharra dago, baita goizeko bostetan eta alkoholaz blai izanda ere. Arazoak kolpeka konpontzen saiatzea ezin da onartu, baldintzak direnak direla. Hala ere, galdera da ea arbuiagarria izanda ere, edozein bortxakeria eztabaida politiko-instituzionalera igo behar den. Gaitzespenak exijitzen dituztenek (horrela gainera, beste garai batean hilketa baten ondoren exijitzen zuten hitz eta indarrarekin) ez zaiola testuinguruari begiratu behar esaten dute baina testuingururik gabe jai egun bateko ordu txikietan taberna batetik irtetean eta ondorio larririk gabeko borroka batek ez luke berri labur bat ere mereziko egunkarietan eta ez zen inolaz ere eztabaida politikoan sartuko.
Testuingurua da, beraz, berria bihurtu dena. Altsasu, Sakana, giro abertzalea, bi guardia zibil, pagotxa aurkitu duten komunikabideek, arinegi ibili diren erakundetako ordezkariak, bere bidean jarraitzen duten beste batzuek eta Aiete eta ETAren jarduera armatuaren amaieraren urteurrena dira testuingurua.
Erakundeetako ordezkari batzuk arinegi ibili badira ez da kasualitatea izan. Abertzaleok, eta gehiago Nafarroan, agian gatazka politikoarekin zerikusia izan dezaketen gertakarietatik urruntzera behartuta ikusten dugu gure burua, norbaitek horiek aurpegiratu aurretik. Zauriaren aurretik benda jartzen dute, eta, kasu honetan, zauriak ikusi eta gertatutakoaren bertsio ezberdinak jakin aurretik.
2011 baino lehen jarraitzen duten ordezkariek berriz, aurreko astean esaten genuena berrestera garamatzate: Madrilek poliziaren bidezko konponbidean darrai, ETAren jarduerari (jarduera ezari) erreparatu gabe. Altsasukoa ez zela kale borroka izan aitortu behar izan zuen Fernández Díez, Espainiako Barne ministroak, baina “egozteen eraikuntza”ren hildoari ekin zion, bere aurrekoek egin zuten bidea eta berak Kataluniak saiatutakoarekin jarraituz, eta “gorrotoaren delituari” buruz hitz egin zuen. Izan ere, denak berdin jarraitzen duela konbentzitzen saiatzeko aukera aprobetxatu zuen Fernández Díezek.
Baina ez da egia. Herri honek, gizarte honek aurrerapauso handiak eman ditu. Hala ere, ez dugu gure buruari iruzur egin behar, ziurrenik belaunaldi osoa igaro beharko da Euskal Herrian elkarbizitza daukagunaren ezberdina izan dadin. Ez dugu elkarbizitza idealizatu behar, eta gutxiago gatazkaren ondorio asko oraindik konpontzeke daudenean.
Legegintzaldi berria hasi du Eusko Legebiltzarrak eta sarri aipatu da erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gehiengo absolutua, baina gutxiago aipatu da gehiengo hori berak ez lukeela arazo handirik izan behar bakegintza arloan adostasunak lortzeko, edo behintzat behin betiko bakea lortzeko behar den errepide orria zehazteko. Arlo honetan dauden erronketan akordio zabala lortzeko ahalmena izan beharko lukete EAEn dauden hiru indar nagusiek: ETAren armagabetzea eta Euskal Herriaren desmilitarizazioa, euskal gizarteak Europan dauden poliziaren presiorik handienetakoa izaten uzteko; presoak, hurbilketa, legeak ezartzen dituen baldintzak betetzen dutenen kaleratzea, eta epe ertainerako konponbidea; eta azken hamarkadetako memoriarekin zer ikusia duen guztia, iraganaren azterketa kritikoa, biktimak, edo bakoitzak esan nahi duen bezala.
Honetan ere, Estatuaren zain egotea Madrili beto eskubidea ematea da, beraz bakegintzaren arloan ere aldebakartasunari ekiteak merezi du.