Demokrazia eta euskal errepublikaren balioak aldarrikatu ditu Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarreko gaurko Osoko Bilkuran. Era berean, monarkiaren abolizioa eskatu du, erakunde zaharkitu eta antidemokratikoa delakoan.
Elkarrekin Podemosek balio errepublikarren alde aurkeztutako mozioaren izpirituarekin bat egin du Urizarrek, “Monarkiaren pribilegio eta arazoak azaltzen ditu, eta Espainiar errepublika jartzen du helburu gisa, eta hori zilegi da”, baina “demokrazia eta balio errepublikarrak sendotzeko bidea errepublikak aldarrikatzetik etorriko da”, azpimarratu du. “Errepubliken garaia da. Orain errepublikak”, adierazi du Urizarrek hauteskunde kanpaina hasi baino ordu batzuk lehenago EH Bilduk Europarako eratu duen koalizioaren izena aipatuta.
Monarkiari egindako kritikarekin bat egin du Eusko Alkartasunako buruak: Anakronikoa eta antidemokratikoa izateaz gain, “teorikoki bete beharko lukeen papera ez duelako sekula bete. Alderdikeriarik gabeko papera aurreikusten zaio baina nazio eskubideen aurrean jarrera argia izan du eta Espainiaren batasuna beste edozeren aurretik jarri izan du beti”.
Ustelkeria ere aipatu du Urizarrek: “Francoren garaitik egon diren aprobetxategi handienak izan dira Erret Etxekoak, Juan Carlosek Espainiako komisionista handiena izanda, bere karguak ematen zizkion pribilegioak probetxu partikularrerako erabili baititu”.
Errepublikazaletasunari beste gako bat gehitu dio Eusko Alkartasunako buruak, lurraldetasuna eta nazio eskubideak, “Espainiar estatuak arazo bat baitauka barnean izan baina aitortzen ez dituen nazioekin, eta nazio espainola soilik aitortuta arazoa ezabatu zezakeela uste bazuen ere, konstituzioa ezarri eta 40 urte geroago estaturik gabeko nazioen sentimendua ez da apaldu”.
Kezka agertu du, azken aldian, “gero eta ahots gehiago entzuten direlako atzera buelta eskatzen ari direnak: Hezkuntza berzentralizatu, kontzertu ekonomikoa desegin, euskararen erabilerari mugak jarri…” Horretara iritsi gabe ere, “adibide asko daude erkidego honi dagozkion eskubideak errespetatu ez direla erakusten dutenak, argiena eskumenen transferentziena da: Legealdiko azken egunetan lau eskumen negoziatzen ari baita Jaurlaritza. 33tik lau, 40 urteren ostean”.
Eva Blanco
Bestetik, Eva Blancok farmazialariekin elkarlana sakondu eta Osakidetza eta botiketako profesionalen arteko koordinazioa areagotu dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Horrela, gaixo kroniko eta patologia anitza dutenei egin beharreko jarraipen farmakoterapeutikoa egokiagoa izango zela adierazi du EH Bilduko parlamentaria eta Legebiltzarreko mahaiko presidente ordea den Blankok.
“Farmazialari eta lehen arretako profesionalen arteko elkarlana ezinbestekoa da pazienteek behar duten jarraipen farmakoteurapeutikoa gauzatzeko”, azaldu du. Errezeta elektronikoa martxan jarri zenetik, paziente kronikoen presentzia murriztu egin da anbulatorioetan, “eta ondorioz lehen arretako profesionalek bere garaian jokatzen zuten papera, farmazialarien esku dago gaur egun; farmazialari eta pazienteen arteko harremana oso estua da askotan gainera, eta konfiantza horrek asko laguntzen die gaixoei”.