Jesús Mari Larrazabalek positibotzat jo du Eusko Jaurlaritzak Eusko Alkartasunaren proposamenarekin bat egitea
EAko legebiltzarkide Jesus Mari Larrazabalek babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura egiteko baldintzak ezartzen dituen araudia berehala alda dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari. Izan ere, araudi horren arabera, zozketa batean babes ofizialeko etxebizitza bat tokatu zaion pertsona batek pisu horri uko egiten baldin badio, zigor gisa Etxebideren zerrendetatik kanpo geratzen da eta ezin izango du hurrengo bi urteotan beste zozketa batean parte hartu, eta berdin jokatzen du pisuari uko egiteko arrazoia ekonomikoa izan bada, hau da, ez kutxa batek ez banku batek ez diotelako finantziaziorik ematen, krisia dela eta gero eta ohikoagoa dena.
Jesus Loza PSEkoak gaur goizean iragarri du Legebiltzarrean Etxebizitza Sailak araudia aldatzeko asmoa omen dauka finantziazio faltagatik uko egiten diotenak automatikoki Etxebidetik kanpo gera ez daitezen; gauzak horrela, Larrazabalek positibotzat jo du “PSEk eta Jaurlaritzak arrazoizko bidea hartzea eta EAren proposamenarekin bat egitea”, EAko legebiltzarkideak berak horixe eskatu baitzion ekainean Etxebizitza sailburuari interpelazio baten bitartez, oraindik indarrean dagoen araudiak aurreikusten duen bi urteko zigor hori “bidegabekeria hutsa” baino ez delako.
Jatorria: Eusko Alkartasuna