Donostian egindako agerraldian Pello Urizarrek, EAko idazkari nagusiak, “atzo Nafarroan lehen harria ipini zela, baina dudarik gabe Euskal Herri osorako aldaketa eraikiko duen lehen harria besterik ez da izango” adierazi du. Medioen aurreko agerraldian Ikerne Badiola eta Mariano Alava ere egon dira, EAko Komunikazio eta Antolakuntza idazkariak besteak beste, eta Urizarrek azaldu du “herritarren eskura ipiniko dutela, bide soilik politiko eta demokratikoen konpromisotik norabide bikoitza izango duen tresna bat: nazio bezala Euskal Herriari dagokion garapena ostopatzen duen gatazka politikoaren konponketa, eta justizian eta berdintasunean oinarritutako eta bertan bizi garenon neurrira egindako herri bat eraikitzeko behar den aldaketa politiko eta soziala”.

Ez da nobedade bat Eusko Alkatasunak indarrak biltzearen aldeko apostu garbia egiten duela; argi bait daukagu aldaketa politiko eta soziala soilik indarrak batzen baditugu iritsiko dela eta bide honetan kokatzen dugu atzo Eusko Alkartasunak eta Herritarron Garaia plataformak Lizarran aurkeztutako ekimena. Atzo Nafarroan lehen harria ipini zen, baina dudarik gabe Euskal Herri osorako aldaketa eraikiko duen lehen harria besterik ez da izango atzokoa.

Oraintxe esan dudan bezala, argi daukagu Euskal Herriak bizi duen momentu historiko honek indarren metaketa behar duela pertsona guztien eskubide guztiak errespetatuak izango diren eskenategi bat sortzeko, eta uste dugu subiranista aurrerakoi eta ezkertiarrak posible egingo duen alternatiba bat aurkeztu behar diogula euskal gizarteari.

Horregaitik, batasuna, akordioa eta adostasuna eskaintzen diogu gizarteari. Uste dugulako bizi dugun momentuak sigletatik haratago begiratzeko gaitasuna eman behar digula, eta euskal herritarrei aspaldian eskatzen dutena eskaini behar diegula: pertsona abertzale, subiranista, independentista, aurrerakoi eta ezkertiarren batasun bat, gai izango dena gaurko egoera aldatzeko eta herri bezala dagokigun erabakitzeko eskubidea lortzeko lan egingo duena. Azken finean, gizartearen bizikalitatea hobetzeko bere ekintza politikoa bideratuko duen subjetu politiko bat eskaini nahi dugu.

Hori da herritarren eskura uzten duguna, bide soilik politiko eta demokratikoen konpromisotik norabide bikoitza izango duen tresna bat: nazio bezala Euskal Herriari dagokion garapena ostopatzen duen gatazka politikoaren konponketa, eta justizian eta berdintasunean oinarritutako eta bertan bizi garenon neurrira egindako herri bat eraikitzeko behar den aldaketa politiko eta soziala.

Nafarroan atzo irudikatu zena lan horren hasiera besterik ez da eta Euskal Herri osora zabaldu nahi dugu elkarlan hau; horrela erkidegoan Alternatiba, Araba Bai eta hainbat sektore independentistekin lanean dihargu eta, etorri beharko litzatekeen moduan Sorturen legeztapena badator, honek ere tokia izango luke koalizioan. Hurrengo egunetan bere fruituak ematea espero dugu.

 

Jatorria: Eusko Alkartasuna