Pello Urizar idazkari nagusiak, Ikerne Badiola Komunikazio idazkariak eta Joseba Gezuraga Bizkaiko presidenteak osatu dute EAren ordezkaritza

Eusko Alkartasunako eta EAJko ordezkariak Sabin Etxean bildu dira gaur goizean eta bat etorri dira krisi ekonomikoari erantzun eraginkorra emateko ahaleginak batu beharrarekin. Bi ordezkaritzek euren alderdien proposamenak mahai gainean ipini dituzte eta aztertzeko konpromisoa hartu dute. Halaber, hainbat erakundetan dituzten akordioen “osasun ona” agerian utzi dute.

 

Pello Urizar Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak erakundeetatik bultzatu beharko liratekeen jokabideak planteatu ditu, betiere zerga-politika progresibo eta aurrerakoi batean oinarrituta. Ildo horri jarraituz, Urizar gizarte-azpiegituretan (zaharrentzako eguneko zentroak eta egoitzak, eskolak, osasun zentroak…) inbertsio publikoak sustatzearen alde agertu da, batetik, enplegua sortzeko eta, bestetik, gizarte-zerbitzuak indartzeko.

 

EAren aburuz, gastu sozialak ongizatea eta gizarte-kohesioa handitzeko tresna izan behar du, bai eta kalitatezko enplegu egonkorra eta ekonomia dinamizatzeko ere. Bestalde, EAk azpiegiturak sendotzeko beharra ere ikusten du, eta horretarako irizpideak zehazten ditu: lurralde antolamendu egokia, arrazionaltasuna eta ekonomi, gizarte eta ingurumen iraunkortasuna.

 

EAko ordezkariek Berrikuntza eta Ikerketa politikei buruzko neurrien garrantzia ere azpimarratu dute eta “gizarte-eragile guztiekiko benetako elkarrizketa berreskuratzea” behar-beharrezkoa dela adierazi dute, horrek itun sozial handi bat lortzea ahalbidetuko duelako, euskal gizartearen bizi-kalitateari eustearren.

 

Halaber, EAko ordezkaritzak Eusko Legebiltzarraren papera lehenetsi du eta, EAJren proposamenaren kontra, akordio politikoak instituzio horretan hartu behar direla ohartarazi die jelkideei, “eta ez Zergak Koordinatzeko Organoan, hori organo administratiboa delako, ez eta Finantza Publikoen Euskal Kontseiluan ere, hori ezin delako organo exekutibo-legegile bihurtu Legebiltzarraren kontrola saihesteko eta, Gasteizko Ganbara alde batera utzita, diru-sarreren eta gastuen politikak sustatzeko”, azaldu du Pello Urizarrek.

 

Proposamenak zehazteaz gain, EAko ordezkariek krisi ekonomikoari gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko subiranismoak duen balioa nabarmendu dute berriro ere. Adierazi dutenez, “ez dugu independentzia nahi inoren ego politikoa asetzeagatik, independentzia gizarte justuago eta kohesionatuago bat eraikitzeko ezinbesteko tresna delako baizik”.

 

 

                                               

Jatorria: Eusko Alkartasuna