Jesus Mari Larrazabalek biktimei abantaila ematearen eta neurri bakar batekin ez neurtzearen arriskuaz ohartarazi die PSE eta PPri, hori haien irudi publikoaren kalterako izan daitekeelako.
Eusko Alkartasunaren ustez, PSE eta PP oker daude Langile Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen aldaketa proposatzen dutenean. Sozialisten eta popularren ekimena gaur eztabaidatu da Eusko Legebiltzarrean eta, proposatutakoaren arabera, Lan Eskaintza Publikoetan kupo bat erreserbatu beharko da terrorismoaren biktimentzat, minusbaliotasunak dituzten pertsonekin jada egiten den bezala.
Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak PSE eta PPren planteamendua kritikatu du, “elkarte zehatz batzuen txaloen bila bakarrik ari direlako eskaera horrek benetako oinarria duen ala ez ondo aztertu gabe, egun ez baitago inongo azterketarik biktimek lan arloan dituzten benetako beharrei buruz”.
Terrorismoaren Biktimen Legeak Funtzio Publikoan sartzeko orduan diskriminazio positiborako neurriak hartzea ahalbidetzen du, gogorarazi du Larrazabalek, baina “Lan Eskaintza Publikoetan kupoak erreserbatzea diskriminazio positibo hori urrunegi eramatea litzateke eta biktimei abantaila ematera eta neurri bakar batekin ez neurtzera eraman lezake, eta horrek beraien irudi publikoaren kalterako ere izan liteke, beste kolektibo batzuk, eskubide osoz, bazterturik eta diskriminaturik sentituko liratekeelako, lehenik eta behin Estatuaren indarkeriaren erabilpen bidegabea eta ilegala pairatu duten biktimak, gaur egun oraindik terrorismoaren biktima izaera ukatzen baitzaie”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna