Jesus Mari Larrazabalek salatu duenez, Mahaiak Erregelamenduaren irakurketa murriztailea egin du eta praktikan ez dit Jaurlaritzak proposatutako konbenioaren aurkako EAren jarrera azaltzen utzi.
Jesus Mari Larrazabal Legebiltzarreko osoko bilkuratik joan da Jaurlaritzak tranbiaren ibilbidea Abetxukon zabaltzeko egin duen konbenio-proposamenaren aurka bozkatu eta gero. EAk konbenio horren aurkako oposizioa sustatu du Legebiltzarrean, baina eztabaidan parte hartzeari uko egin dio Mahaiak eta legebiltzar-buruak eman dion tratua salatzeko. Larrazabal haserre azaldu da eta protesta egin du “Mahaiak Erregelamendua modu murriztailean hartu duelako, inolako malgutasunik gabe”, eta praktikan ez diolako aukerarik eman bere ekimena defendatzeko. Izan ere, “ez dago modurik bi minutu eskasetan oposizio idazki bat seriotasunez defendatu eta argudiatzeko; malgutasun pixka bat baino ez zen behar egoera ulertu eta konponbidea emateko, baina hori, antza denez, gehiegi eskatzea da Legebiltzar honetan”.
Larrazabal, hala ere, pozik agertu da Legebiltzarrak konbenioari emandako ezetzarekin eta Jaurlaritzak hemendik aurrera beste alternatiba batzuk aztertzea espero du, tranbiak Abetxukon bizi direnen beharrak benetan eta eraginkortasunez aintzat har ditzan.
Jatorria: Eusko Alkartasuna