Gaur hemen bildu garen Ibarretxe lehendakaria buru izan zuten EAJ-EA eta EAJ-EA-EB Gobernuko kargu izandakoak kanpaina amaieran agertu gara zuen aurrean euskal gizarteari eta bereziki Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako jendarteari, orduko proiektu politikoa egun EH Bilduk ordezkatzen duela esateko. Horregatik, 2001 eta 2005ean EAJk eta EAk euskal gizarteari egindako proiektuan konfiantza izan zutenei Euskal Herria Bilduren hauteskunde zerrendak babestea eskatzen diegu.

2001ean Ibarretxe lehendakariak buru zuen proiektuari botoa eman zioten 600.000 lagunen gehiengo zabala gure jarrera politikoetan dagoela konbentzituta gaude, Gobernu horren barruan defendatu genituen erabakitzeko eskubidea zein gizarte justiziari dagokionean.

Bakea, normalizazio politikoa, elkarbizitza eta gizartearen eraikuntza izan ziren 2001eko Gobernuaren programaren ardatzak. Behin betirako bakea, subiranotasuna eta gizarte justizia dira egun Euskal Herria Bilduk gizarteari aurkezten dion programaren ardatzak. Denbora luzea igaro arren, bi planteamenduen ardatzak bat datoz.

Azken hamabost urteetan egoera aldatu dela badakigu, noski. Hala ere, gehiengo sozialaren babesa duten gure aldarrikapen demokratikoek ezezkoa jasotzen jarraitzen dute.

2001ean PP eta PSEren ofentsiba bizi genuen. Mayor Orejak eta Redondo Terrerosek ofentsiba hori galdu egin zuten hauteskundeetan inolako zalantzarik gabe. Gaur orduan hautestontzietan lortu ezin izan zutena lortzen ari da Estatua gure herrian emaitza negargarriak izaten ari den berzentralizazioaren bitartez.

Hamabost urteetan ezinezkoa izan da erabakitzeko eskubidearen aitortzan aurrerapausorik eman. Izan ere, Gernikako Estatutuak zehazten duen eskuduntzen markoa ez da bete. Hori egiteko egon den azken saiakera instituzional serioa Ibarretxe lehendakariarena izan zen, egun EH Bildu osatzen duten alderdiek lagunduta. EAJ berak geldiarazi zuen bide hori.

Madrilek ezezkoa esango digu beti, hori badakigu. Baina Katalunian horrek ez du subiranotasun prozesua gelditu, soberanistek Estatu espainolaren legalitatea eta gizartearen agindu demokratikoaren artean hautatu behar izan dutenean, bigarrenaren alde egin dutelako.

Gaur hemen gaudenok ere uste dugu aldebikotasuna dela subiranotasun prozesua aurrera ateratzeko biderik egokiena. Horregatik, erabakitze eskubidearen aldeko alderdi politikoak animatzen ditugu berriro saiatzera, beti tamalez aurreikusi daitekeen ezezkoaren aurrean zer erantzun emango den adostuta.

Era berean eta orduko gobernu haietako kideei errespetu osoz, esan behar dugu ondorengo gobernuek ez dutela garai hartan guztion artean eraiki genuen Ongizate Estatua hobetzea lortu, kontrakoa, euskal gizarteak atzera pauso nabarmenak izan ditu ongizate sozial, osasungintza edota hezkuntza mailan.

Berriro ere, Madrilek joko zelaia zein den erabaki du eta azken Eusko Jaurlaritzek ez dute dugun autogobernua euskal gizartearen baldintza sozialak hobetzeko erabiltzen asmatu.

Izan ere, Euskal Herrian subiranotasuna eta gizarte justizia gauza bera dira. Gure aurrekontu, zerbitzu, sistema publikoaren langile, hezkuntza sistema eta Ongizate Estatuaren ardatzei buruzko erabakiak hartu ezin ditugunean, gizarte justizia gutxiago dugu.

Horregatik, datorren legegintzaldia erabakitzeko eskubidearena izan behar da, euskal jendartea Espainia, Europa eta munduarekin zer harremana izan nahi duen esan behar duena. Orduan bezala, gaur ere, guk horren alde lan egingo dugu eta horregatik, duela hamabost urte EAErako Estatutu Politiko Berriaren proposamenarekin ilusionatu diren horiei EH Bilduk Legebiltzarrean duen ordezkaritza indartzeko gonbitea egiten diegu.

Eskerrik asko.

Atxikimenduak