Rafa Larreina EAJrekin koalizio akordio bat lortzeko «ahaleginak» egiten jarraituko duela dio Rafa Larreinak, baina aitortzen du negoziazioak hausteko aukera egon badagoela.
EAJrekin koalizio akordio bat lortzeko «ahaleginak» egiten jarraituko duela dio Rafa Larreinak, baina aitortzen du negoziazioak hausteko aukera egon badagoela. Negoziazio mahaian inolako mugimendurik egin ez izana egotzi dio EAJri, bai eta «herri interesen» mesedetan Eusko Alkartasunaren ordezkaritza ezabatu nahi izatea ere.
Akordio orokorra egitea kaltegarria litzatekeela iritzi dio Rafa Larreinak, eta tokian tokiko koalizioaren aukeraren alde egin du. Erabakian zirt edo zart egiteko azken eguna hilaren 15a izan daitekeela dio, eta ordurako gauzak argitzea espero du.
Akordioa lortzerik ba al dago oraindik?
EAk akordioaren alde lanean dihardu, eta negoziazio mahaian eserita jarraitzen dugula helarazi diogu EAJri. Herriarentzat ona den akordio bat lortu nahi dugu, herriaren interesak kontuan hartzen dituena eta gehiengo soberanistak indartzen dituena. Baina, era berean, funtsezkoa deritzogu alderdi bakoitzaren proiektuak eta nortasuna errespetatzeari.
Haatik, negoziazioak hausteko zorian daudela ematen du.
Dena gerta daiteke, baina ez litzateke izango onuragarria herriarentzat. Hala ere, gu lasai gaude eta kontzientzia garbia daukagu, zentzuzko akordioa egiteko ahalegin guztiak egin ditugulako. Akordiorik ez balego, EAk herri honen alde lanean jarraituko luke, bere planteamendu propioekin.
EAJn akordioa iristeko nahia antzematen duzue?
Negoziazio mahaian gauden kideok ikusi duguna da EAJk ez duela akordiorik lortzeko inolako interesik. Egia esan, erabat harrituta geratu gara, negoziazio mahaian EAJk ez baitu inolako mugimendurik egin. Hedabideen aurrean bai, baina mahaian ez da batere mugitu.
Malgutasun eza egotzi diozue elkarri. Ez batak ez besteak ez du albokoaren baldintza bat bera ere onartu nahi. Zergatik?
Guk hasieratik esan genien haiek jarritako baldintzak ezin genituela onartu, udalerri guztietan koalizioa egiteak ez baitu zentzurik. Izan ere, udal politika oso desberdina da beste esparru politiko batzuetan, eta udalerri bakoitzaren aniztasuna ere defendatu beharra dago. Udaletan aukeratzeko hautua egotea ona dela uste dut. Aitzitik, gehiegi politizatzea, alegia eguneroko udal politikatik at dauden gaiak udaletara eramatea, ez da ona. Horregatik uste dugu akordio orokor bat egitea kaltegarria izango litzatekeela. Negoziazioetan malgutasunez jokatu dugu, gure proposamena ez baita itxia. Lau bileretan mugimenduak egin ditugu, baina ez dugu erantzunik lortu.
Egoera ikusita, badirudi negoziazio mahaitik nor lehenago altxatu zain zaudetela.
EAk akordioa lortzeko aukera guztiak agortu nahi ditu. Beraz, aurrera jarraitzeko aukera ñimiñoena baldin badago, bide hori aztertzeko prest gaude. Aukeraren bat egon beharko lukeela iritzi diogu.
EAJri alderdiaren interesak herriaren interesen gainetik jartzea egotzi diozue.
EAJk askotan hitz politak erabiltzen ditu: herriaren interesak, maiatzaren 13ko ilusioa eta abar. Baina errealitatean ez da halakorik islatzen. EAJk herriaren interesaz hitz egiten duenean, gure desagerpenaz ari da hitz egiten. Badirudi EAJk izan ezik denok eman behar dugula amore. Guk, ordea, zentzuzko proposamen bat egin dugu, eta geure buruari eskatzen ez dioguna ez diogu eskatu EAJri.
Zein da zuek jarritako baldintza?
Gaur egun erakundeetan daukagun ordezkaritza errespetatzea, une honetan dugunari uko egin gabe. EAJk, ordea, EAk duen ordezkaritzari uko egiteko eskatzen digu, baina bereari eutsiz. EAJk herriaren interesak, egoeraren arabera, alde batera uzten ditu; bere interesen arabera jokatzen du, eta ilusioa, herritarrena izan beharrean, bere ilusio propioa da.
Ariztondok atzo adierazi zuen tokian tokiko koalizioak nahasmena eta mesfidantza dakarkiela herritarrei. Zer deritzozu?
Nahasmena sortzen duela esatea euskal gizartea gutxiestea da. Nik uste dut herritarrek ongi asko bereizten dutela alderdi bakoitzak proposatzen duena, nahiko inteligenteak direla horretarako. Herritarrek jakin badakite Gasteizen koalizioa egitea nazio interesekoa dela, eta Aramaion, ordea, ez. Gauza bera esan dezakegu Gipuzkoako hainbat tokitako egoerez. Irunen eta Donostian koalizioan eta Deban bereizita aurkeztea ulertzen dute.
Noiz argituko duzue koalizioan ala bakarrik aurkeztuko zareten?
Lehenbailehen izatea nahiko genuke. Abenduaren 15erako gauzak argituta egongo direla uste dut.
Badirudi EAren barruan guztiak ez datozela bat tokian tokiko koalizioak egitearekin; Gipuzkoan, esaterako.
Eusko Alkartasunaren barruan iritzi desberdinak izan ditzakegu gai baten inguruan, baina erabaki bat hartzen dugunean guztiok bat egiten dugu erabaki horrekin. Hain justu, Nazio Batzarraren %93k negoziazio mahaiaren lana babestu du. EAn hartutako erabaki demokratikoarekin bat egiten du alderdiak.
Beraz, ez legoke hausturarik EAren barruan?
EAJk prozesu honetan erabili izan duen kontzeptu bat da EAren barruko hausturarena edo krisiarena. Batzuetan ematen du EAJk bere desioak errealitatearekin nahastu egiten dituela eta halakorik gertatzea nahiko lukeela.
EAJrekin akordiorik ez balego, Aralarrekin saiatuko zinatekete?
Beste alderdiekin hitz egiteko prest gaude. Aralarrek gurekin hitz egin nahi badu, hitz egingo dugu, betiere herriaren interesen alde bada. Kasu horretan ere, tokian tokiko koalizioak proposatuko genituzke.
Datozen hauteskundeak ez al dira, neurri batean, Batasunaren botoak eskuratzeko lehia bat izango?
EAk ez du etekinik atera nahi egoera horretatik, ez dugu aprobetxatu nahi egoeraz. Gu geure proiektu politikoarekin goaz. Noski, denok nahi dugu ahalik eta boto gehien lortu, baina inolaz ere ez besteei erasotzen. Alderdi ikuspuntutik, nahiago genuke Batasunak aurkezteko aukera izatea. Izan ere, gure egitasmoan sinesten dugu eta, baldintza berberetan lehiatuko bagina, boto gehiago eskuratzeko aukera izango genuke.
Jatorria: Rafael Larreina