Eusko Alkartasuneko presidente Begoña Erraztik esan zuenez, EAren Nazio Batzarrak berretsi egin ditu datozen hauteskundeetan koalizioak egiteko Nazio Batzordeak proposatutako irizpideak. Beraz, orain arteko ildoari eutsiko dio EAk: EAJrekin itun orokorra egiteko aukera baztertu eta tokian tokiko hitzarmenak egiteko aukerari ateak zabaldu, «alderdi abertzaleen nagusitasuna arriskuan» dagoen lekuetan.
Begoña Errazti pozik agertu zen Nazio Batzarrak hartutako erabakiarekin, «Nazio Batzordearen eta negoziazio batzordearen lana onesten duelako». Erraztik esandakoaren arabera, Batzarraren %94k onartu zituen Nazio Baztordeak aurrez hartutako irizpideak.
Erraztik esan zuenez, «Batzarraren agindua argia da: giza eskubideak, tolerantzia eta elkarbizitza errespetatzen dituzten beste indar subiranistekin hitz egitea».
EAJrekiko negoziazioaren inguruan, Erraztik esan zuen orain arte izan diren lau bileretan EAJ ez dela «mugitu», «eta ez dakit interesatuta ote dauden negoziazioan». «Hala ere», gaineratu zuen, «hori EAJren eskuetan dago. Nik ez dakit EAJk zer egingo duen, nik dakidana da EAk egingo duena, hau da, orain arte bezala lanean jarraitu».
Aralar alderdiarekiko balizko akordioez galdetuta, Erraztik adierazi zuen badituztela harremanak Aralarrekin, «beste alderdi batzuekin bezala», baina ez hauteskundeen inguruan: «Une honetan beste indar politiko batekin negoziatzen ari bagara, ez da komeni harreman horretan interferentziak sortzea, beste aldeari zor zaion begiruneagatik».
Begoña Erraztik ez zuen eperik finkatu nahi izan EAJrekiko negoziazio prozesua burutzeko, baina adierazi zuen «edozein negoziaziok, ahal delarik, epe laburrak» izan behar dituela, «ariketa horrek dakarren barne lanagatik».
Jatorria: Begoña Errazti