EAJk bere kudeaketa egonkortasuna islatu dezan duen obsesioan iturria duen Foru Gobernuak erakusten duen anbizio faltak arabar jendartea larriki kaltetzen duela uste du Arabako Eusko Alkartasunak. Herrialdeko Egoerari buruzko Osoko Bilkuran Ramiro González, ahaldun nagusiak egindako hitzartzetik abiatuta egin du Eusko Alkartasunak herrialdearen egoerari buruzko azterketa. Hitzaldian EAJk egunerokotasuna kudeatzeko aukera egin duela baieztatu zen, erakundeak funtzionatuko duela bermatuta baina jendartearen ongizatean eraginik duen aldaketarik minimoena egin gabe. Oraindik amaitu ez den legegintzaldian aukera galdu dela uste du Arabako Eusko Alkartasunak. Arabar guztientzat gizarte justizia gehiago lortzeko aukera izanda, Ongizate Estatuan eman diren murrizketa guztiek utzi dituzten apurrak mantentzea erabaki baitu EAJk.
Jeltzaleen erakundeetako balantzeetan gertatu ohi den bezala, Gonzalezek egin zuen irakurketa politikoa ere baikorregia izan zen, familia edo koadrilla lagun ugariren bizitza prekarizatu duen krisi ekonomikoaren zartada pairatzen dutela kontutan izanda. Eta gainera ez dirudi gainera datorkigun krisi berrirako prestatzen ari denik ere.
Oso deigarria egin zitzaion Arabako Eusko Alkartasunari ahaldun nagusia eta PSEren ordezkariaren hitzaldiei begira Foru Gobernuaren arteko bi bazkideen artean dagoen aldea. Bakoitzak bere ordezkarien lana defendatu zuen inolako disimulurik gabe, eta horrek herri ikuspegi ezberdina izanda elkarrekin gobernatzea zein nekeza den erakusten du. EAJk eta PSEk ez dute herri ikuspegi berdina, Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Ponentzian ikusi denez.
Agian Rajoyren Gobernua babesten pasatako urteak kutsatuta, Gonzalezek ustelkeriaren gaia aipatu ere ez zuen egin. Begiak itxita ikusezina bihurtzen dela uste duenaren antzera, ukatuta bere alderdiari ez diola eragingo uste duela ematen du. De Miguel auziari buruzko hitz erdirik ere ez zuen egin Gonzálezek.
Argigarriagoa da zer ez zuen Gonzalezek esan, zer esan zuen baloratu baino. Izan ere, ideia eta proposamen falta erabat kezkagarria da, ez bada ideiak eta proposamenak hauteskunde kanpaina hurbildu ahala -edo De Miguel Auziaren epaia hurbildu ahala- agertuko direla pentsatzea erraza delako. Edo agian ez, eta Arabako Foru Gobernuaren atzean pasa den astean ikusi zena baino ez dago.
Hasiera ilusionagarria izan zuena egoeraren kudeaketa hutsean amaitzea tamalgarria da Eusko Alkartasunarentzat, arabarren bizitza hobetzeko gogo, ideia eta indar falta dagoelako. Gasteizen gertatu bezala, Arabako Diputazioa popularren eskuetatik ihes egitea pozgarria izan zen herrialde gehiengoarentzat, baina posible den aldaketaren ilusioa hiltzen espezialista bihurtu dira jeltzaleak. Eta arazoa ez da babes edo ideia falta. Babesa badute EH Bildurekin gobernatzeko. Hori bai, aldatzen, eraldatzen, hobetzen. Edo, gauzek bere horretan jarraitu dezaten, popularrekin. Eta jeltzaleek PP hautatzen dute beti; gauzak dauden bezala mantentzea aukeratzen dute; eraldatu gabe; hobetu gabe.
Itxurak ere ez dute gordetzen. Legegintzaldi hasieran bete gabe geratu ziren akordioak sinatu egin zituzten, koalizioak aldaketan sakontzeko aukera irmoa egin zuelako. Baina orain, PPren eskuetan dago EAJ, aukera kontzientea egin duelako.
Eusko Alkartasunak parte hartzen duen Ezker Soberanistak arabarrentzako gizarte justizian oinarritutako eszenategia lortzeko egin dituen ekarpenak laburbiltzea zaila da, asko izan direlako, baina zerga sisteman eta nekazari eremuari buruz egindakoak azpimarratu behar dira.
Ongizate Estatuaren bi zutabe izateagatik azpimarratzen ditu Eusko Alkartasunak: Aberastasuna banatzea eta Ongizate estatuaren finantziazioa, eta arabarrek bizi diren tokian bizi direla jasotzen duten zerbitzuen kalitatea berdina izango dela ziurtatzea, berdin Gasteiz edo Gebaran, Laudio edo Lezan, Agurain edo Urbinan.