Behin indarkeria bukatuta, ´sakoneko eztabaidan´ sartu beharra dagoela deritzo Begoña Erraztiren alderdiak. Eusko Alkartasunak ´Guztion artean, posible dugu´ lelopean bildu ditu kide eta jarraitzaileak Gernikan (Bizkaia). ETAren su-etenarekin abiatu den eszenatoki berrian, ´abertzaleen batasuna´ aldarrikatu du Begoña Errazti alderdiko presidenteak. Erakunde armatua ´gatazkaren ondorioa´ dela erantsi du Unai Ziarreta idazkari nagusiak.
EAren iritziz, ETAren indarkeriaren ´aitzakia´ bukatuta, sakoneko eztabaidan sartu behar da, eta eztabaida horrek ezin du Kataluniakoa bezalako konponbiderik jaso. Abertzaleen eta ez abertzaleen arteko akordioak lortzeko beharra errespetatzen duela adierazi dute, baina hori ´abertzale espainiarren´ beto eskubide bihurtzeko ahaleginak salatu dituzte.
Begoña Erraztiren iritziz, ´subiranotasunen arteko talka´ dator, eta prozesu horretan ezin da ´kanpoko esku-hartzerik´ onartu.
Erraztik uste du nazio-eraikuntzaren prozesuan litekeena dela alderdi abertzaleek PP eta PSOE aurrez aurre izatea. Erabakitzeko eskubidea euskal gizarteari dagokiola azpimarratu du, ´eta ez Moncloari, Zapaterok hala nahita´. Horrenbestez, Espainiako Parlamentuko botoak ezin duela Legebiltzarreko botoak ´baino balio gehiagorik izan´ adierazi du.
ETA erakundearen indarkeriak suposatzen zuen ´aingura´ desagertuta, ideia guztiak babestea zilegia dela nabarmendu du, eta egoera honen aurrean ´Espainia eta Frantziaren batasunaren defendatzaileek´ ze kontraesan agertuko duten galdetu du.
Jose Luis Rodriguez Zapatero Gobernuko presidenteak ´ETArekin negoziatu´ beharko duela eta euskal presoen ´sakabanaketa amaitu´ beharko duela esan du Erraztik. Gainera, adiskidetzea eta bakea lortzeko, alderdi politikoek ´mentalitate aldaketaren´ alde lan egin beharko dutela adierazi du.
Unai Ziarretaren adierazpenak
Bestalde, Unai Ziarretak esan duenez, ETAren su-etenaren ostean Euskal Herriaren independentzia ekarriko duen adostasun batera iristeko garaia da eta akordio hori galdeketa baten bidez gizarteak berretsi egin beharko du.
´Ez da erraza izango´, esan du, izan ere, horretarako Espainiako Konstituzioa aldatu beharko da, ´baita pentsaera asko ere, tartean espainiar zentralistena´ eta urte guzti hautean ETAren indarkeria dela eta, Euskadiko instituzioak ´arazorik gabe eta anbiguotasunean kudeatzen aritu direnena´.
Jatorria: Begoña Errazti