Ricardo Burutaranek adierazpen instituzional baten proposamena aurkeztu du Donostiako Udaletxean ekintzaile donostiarraren eta Greenpeaceko beste hiru kideren atxiloketak gaitzesteko.
Juan Lopez de Uralde donostiarra eta Greenpeaceko beste hiru kide atxilotu zituen abenduaren 17an Danimarkako Poliziak Klimari buruzko Kopenhageko Gailurrean protesta baketsua egiteagatik. Izan ere, ekintzaileek Danimarkako Erreginak bertan bildutako Estatu eta Gobernu buruei eskainitako gala-afarian sartzea lortu zuten eta bi pankarta zabaldu zituzten ingurumena benetan babesteko neurri eraginkorrak exijitzeko.
Donostiako Udalak gertakizun horiei buruzko adierazpen instituzionala egitea proposatu du EAk atxiloketak gaitzesteko, Ricardo Burutaran zinegotziak nabarmendu duenez, adierazpen askatasuna uneoro babestu beharreko eskubidea delako eta espetxeratze prebentiboak beti salbuespenezko neurria izan behar duelako. “Horrelako neurri bat hartu behar da probak xahutzeko edo ihes egiteko arriskua dagoenean bakarrik, eta kasu honetan ez zen hori gertatzen”, nabarmendu du EAko zinegotziak. Beraz, Greenpeaceko ekintzaileak atxilotzea, eta gainera inkomunikaturik, proportziorik gabeko neurria da, bere iritziz.
Hori dela eta, EAk proposatu duen adierazpen instituzionalak zera dio:
1.- Juan Lopez de Uralderen eta Greenpeaceko beste ekintzaileen atxilotzea eta inkomunikazioa arbuiatzea.
2.- Espetxeratze prebentiboa, bakartze erregimenean, ezartzea proportziorik gabeko neurria da, leporatzen zaizkien gertaerak kontuan hartuta.
3.- Espainiar Estatuko Gobernuari bitartekari lanak egin ditzala eskatzea auzia lehenbailehen konpontzeko.
4.- Greenpeacek ingurumenaren alde eta klima aldaketaren kontra egiten duen lana goraipatzea.
5.- Adierazpen instituzional hau Greenpeaceri, espainiar Atzerri Ministerioari eta Danimarkako Justizia Ministerioari bidaltzea, eta donostiar guztiei ere horren berri ematea.
Jatorria: Eusko Alkartasuna