Bi alderdietako ordezkaritzak aste honetan bilduko dira egoera aztertzeko, baina EAk argi du ez dela gobernu batean egongo ustelkeria susmoen aurrean erantzukizun politikoak garbitzen ez dituen talde batekin.
Eusko Alkartasunak desengainua hartu du EAJko buruzagi batzuek pasa den astean Araban piztutako ustelkeria susmoen aurrean erakutsi duten jarrerarekin. EAko zuzendaritza nazionalak ez du espero zuen tinkotasuna ikusi EAJren erreakzioan eta Arabako Foru Aldundian segitzeko pasa den astean jarritako baldintzak berretsi ditu.
EAk pasa den asteazkeneko atxiloketen ondoren sortutako egoera aztertu du gaur, azken orduko datuak eta albisteak kontuan hartuz, eta aste honetan bertan bilduko da EAJko ordezkaritza batekin jeltzaleek lehen eskutik jasotako informazioa azaldu eta eman diezaioten. Hala ere, EAk desengainua hartu du asteburuan zehar EAJko buruzagi batzuek egindako adierazpenekin. Izan ere, “lehen eguneko zero tolerantziatik akusazioak ez sinistera pasatu dira, bai eta errugabetasun presuntzioa urratu egin dela salatzera ere”. Are gehiago, “Alfredo de Miguel auzipetuaren jokaera ohoratzekoa dela ere esan dute dimisioa aurkeztu duelako eta prozesu osoan zehar EAJren babesa izango duela”.
Noski, errugabetasun presuntzioa defendatu beharreko eskubidea da, baina “akusazioak oso larriak dira eta ez dugu espero genuen tinkotasuna ikusi EAJren erreakzioan”. EAk, ordea, zorrotz jokatuko zuela ohartarazi zuen jada pasa den astean eta ez da gobernu batean egongo ustelkeria susmoen aurrean erantzukizun politikoak garbitzen ez dituen alderdi batekin.
Hori dela eta, EAk exijentzia zehatzak egin zizkien Arabako diputatu nagusiari eta ABBko presidenteari, eta gaur berretsi egin ditu:
Xabier Agirre diputatu nagusiari zera exijitzen dio EAk: Alfredo de Miguel kargutik ken dezala, ikerketa batzordeak ireki ditzala susmopean egon daitezkeen instituzio edo erakunde publiko guztietan eta Arabako Foru Aldundia prozesu judizialean akusazio partikular bezala aurkez dadila, hala badagokio.
Iñaki Gerenabarrena ABBko presidenteari zera exijitzen dio: bere alderdikideen erantzukizun politikoak garbi ditzala, bi alderdien arteko bilera bat dei dezala arazoa sakonean aztertzeko eta, Jaurlaritzako erakundeak ikerketan inplikaturik daudela baieztatuz gero, Legebiltzarrean ikerketa batzorde bat sortzeko EAk egingo duen eskariarekin EAJk bat egin dezala.
Jatorria: Eusko Alkartasuna