JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak kezka adierazi du Arabako hiriburuan larri zauritutako gaztearen osasun egoeragatik, eta premiazkotzat jotzen du ertzain batzuek gehiegikeriak egin zituzten ala ez ikertzea. Tinko salatu du bi ertzainek Bilbon pairatutako eraso onartezina.

Juanjo Agirrezabalak Rodolfo Ares Herrizaingo sailburua Legebiltzarrean lehenbailehen ager dadila eskatu du, greba orokorreko egunean Gasteizen izandako istiluetan Ertzaintzak nola jokatu zuen argitzeko. Izan ere, 19 urteko gazte batek zauri larriak izan zituen buruan jasotako kolpe gogor baten ondorioz; bertsio batzuen arabera, kolpea ertzain batek eman zion, gertu-gertutik pilotakada bat jaurtita.

EAko legebiltzarkidearen esanetan, “Herrizaingo Sailak ardurarik ez duela esan du jada, baina hortik baino haratago, eta gertakaria larria izan dela kontuan hartuta, garrantzitsua da sailburuak behar diren azalpen guztiak ematea, Ertzaintzak ondo jokatu zuen ala agenteren batek gehiegikeriak egin zituen argitze aldera. Herrizaingo Sailak ikertu behar du nola zauritu zen Gasteizko gazte hori eta, behar izanez gero, Ertzaintzaren barruan ardurak garbitzea”.

Halaber, Agirrezabalak bi ertzainek atzo ere Bilbon pairatutako erasoa tinko salatu du, “onartezina baita oraindik orain pertsona batzuek lan erreformaren aurkako protesta bat baliatzea zeharo justifikaezinak diren ekintza bortitzak burutzeko”. EAko ordezkariak indarkeria forma guztien kontrako EAren jarrera irmoa berretsi du, eta Herrizaingo Sailari eraso hori iker dezala eskatu dio, egileak identifikatu eta Justiziaren aurrean eraman ahal izateko.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA