Eusko Alkartasunak azalpenak eskatu ditu jada Legebiltzarrean eta ez du baztertzen Ikerketa Batzorde bat eskatzea, ez eta akusazio particular gisa aurkeztea ere, baldin eta Fiskalak gaia auzitegietara eramaten badu.

Erakunde publikoetan alderdia ordezkatu duten pertsonengan beti izan duen konfiantza zein errugabetasun-presuntzioa abiapuntutzat hartuta, Eusko Alkartasunak azken muturreraino eraman nahi du, gaur bertan ezagututakoaren arabera, Justizia Administrazioarekiko Harremanetarako Zuzendaritzan egindako ustezko irregulartasunen inguruko ikerketa. Halaber, EAk ez du baztertzen prozedura judizialean akusazio partikular gisa aurkeztea, Fiskaltzak gaia auzitegietara eramatea erabakitzen baldin badu.

EAk Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak emandako datuak egiaztatzeari ekin dio, eta horretarako Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideak Mendiak aipatutako auditoriak eta espedienteak eskatu ditu jada, bai eta sailburua bera ager dadila ere. Jaurlaritzak ezagutarazitako irregulartasunak egiazkoak balira, EAk ardura politikoak eta judizialak garbitzea exijituko du.

EAk gogorarazi duenez, haren ordezkari publikoek kode etikoa sinatu egiten dute kargua hartzen dutenean, eta diru publikoa kudeatzeko orduan zintzo eta arduratsu jokatzeko konpromisoa hartzen dute horren bitartez. Zintzotasuna EAren nortasunaren eta portaeraren ikurra eta ezaugarria izan da beti, eta horrek exijitzen du ustezko irregulartasun hauek erabat argitzea. Politika herriaren eta gizartearen zerbitzua da eta, horren ondorioz, diru publikoaren kudeaketan edozein irregulartasun lotsagarria da.

EA harremanetan dago Justizia Sailean aritu izanagatik gaia ezagutu dezaketen kargu publiko izandakoekin, eta gaia arrazoizko azalpen batekin argitu ahal izatea espero du; kontrakoa zeharo onartezina izango litzateke, eta horrela salatu beharko litzateke arlo guztietan, politikoan zein judizialean.

Azkenik, salaketa hau egiteko Eusko Jaurlaritzak hainbeste denbora, ia bi urte, eman izana deitoratu du EAk, horrek agerian utzi ditzakeelako kontu publikoen gaineko kontrol gabeziak. Halaber, EAk espero du salaketa honek inolako loturarik ez edukitzea Gobernuaren egoera ekonomikoa dela-eta azken egunotan egin diren hondamen salaketekin, hori onartezina litzatekeelako.

 

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA