JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak sufrimendu guztiak aintzat hartuko dituen memoria barneratzailea aldarrikatu du Eusko Legebiltzarrean, eta PPren memoria partziala kritikatu du, horrek elkarren arteko begirunean eta bestearen minaren aitortzan oinarritutako elkarbizitza eredu berri baterako bidean aurrerapausoak ematea eragozten duelako. Hona hemen bere hitzaldi osoa:

Beti eta salbuespenik gabe, ezinbestekoa da biktima guztiak aintzat hartzea, biktimen esparrua bere dimentsio osoan aintzat hartzea, Euskal Herrian indarkeria mota ezberdinek eragindako giza-sufrimendu osoari erreparatzea. Horixe da gaur nik egin dudana lore-eskaintza honetan, biktima guzti-guztiak gogoan hartzea, inor baztertu gabe.

Nire Memoriaren Eguna, EAren Memoriaren Eguna ez da, ordea, Arantza Quirogarena. PPren Memoriaren Egunak ETAren biktimak bakarrik gogoratzen ditu, eta mespretxatu egiten ditu Estatu Terrorismoaren biktimak, torturaren biktimak, Poliziaren eta Guardia Zibilaren biktimak…

PPrena memoria partziala da. Eusko Alkartasunak, aldiz, biktima guztiekiko aitortza eta oroimena ekarri nahi ditu hona. Memoria inkluientea aldarrikatzen dugu, eragindako kalte guztiak aitortu beharra aldarrikatzen dugu, biktima guztiek onarpena eta erreparazioa merezi dutelako, salbuespenik gabe, eta haien arteko kategoria ezberdinak ezarri gabe.

Bakea eraikitzeak elkarbizitza berreraikitzera behartzen gaitu, eta horretarako oinarrizkoa da bestearen mina aitortzea. Urteotan aurrez aurre bizi izan diren pertsonen arteko harremanak daude agertoki berri honen erdigunean, eta jakina da elkarren onespena ez dela egun batetik bestera iritsiko, eta zauri-marrak ere ez dira ziztu bizian desagertuko. Horregatik, indar politiko guztion ardura da elkarbizitza eredu berri horren alde esfortzu guztiak egitea, elkarren arteko errespetuan eta sufrimendu osoaren eta biktima guztien aitortzan oinarrituta.

Horixe da Legebiltzarrera EAren izenean ekarri nahi izan dudan mezua, eta horixe da gainontzeko alderdiei, bereziki PPri, eskatu nahi diedana.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA