Begoña Lasagabaster Espainiako Kongresuko EAren diputatuak gaur adierazi du PPk urte honetan burutu duen gobernu politikaren ezaugarri nagusiak ´askatasunen murrizketa´, ´inboluzio autonomikoa´, ´independentzia judizialaren galera´ eta elkarrizketa gabezia izan direla.

Lasagabasterek Espainiako Gorteetako 2002ko urteko jarduera politikoaren balantzea egin du gaur Donostian, Inmaculada Boneta EAko senatariarekin eta Onintza Lasa EAko legebiltzarkide eta Komunikazio idazkariarekin batera.

EAko diputatuak adierazi du askatasunen murrizketaren adibide garbi bat Alderdi Politikoen Legea izan dela, ´aniztasun politikoa urritzen duelako´ eta ´pentsamendu askatasunaren aurkako erasoa´ delako.

Lasagabasterrek esan duenez, ´Gobernuak urte honetan askatasunen arloan eginiko lana kaskarra izan da´, eta, ildo honetan, CESIDi buruzko lege proiektua, terrorismoaren finantzazioa blokeatzeko Europako direktibaren aplikazioa, eta torturen existentzien inguruan Amnesty Internationalek eta NBEko erakundeek eginiko txostenak aipatu ditu.

Halaber, ´hiru botereak banatzen dituen lerroaren urraketa´ nabarmendu du, bai eta ´Botere Judizialaren independentziaren galera´ ere. Ildo honetan, Gobernua ez dagokion gaietan sartu dela aipatu du, eta Estatuko Fiskal Nagusiaren jarduera kritikatu.

ELKARRIZKETA

Bestalde, elkarrizketarako borondate falta ere egotzi dio PPren Gobernuari, bai parlamentuan bai eta sindikatuekin eta euskal rakundeekin ere. Horrela, nabarmendu duenez, ´kalifikatzera usartzen ez naizen edukiak zituzten faxak bidaltzera mugatu da instituzioen arteko harremana´.

Baketze eta normalizazioari dagokionez, ETA ´norbanakoen eskubideak eta euskal gizartearenak errespetatu gabe´ jarraitzen duela salatu du. Gainera, bere ustez, ´PPk ere ez du entzun nahi euskal hiritarrek maiatzaren 13an esan zutena´ eta urte honetan burutu duen politikak ´konponbideetatik aldentzen gaitu´. ´Gobernuak bere eskuineko aurpegia eta negoziatzeko jarrera itxia erakutsi digu´, gaineratu du. Bestalde, Prestige petrolio-ontziaren gertaeraren inguruan Gobernu espainiarrak eta Galiziako Xuntak agerturiko jarrera ´ardura oso gutxikoa´ izan dela salatu du. Horrela, datorren urtean PPren erantzunkizunak argitu beharko direla azpimarratu du.

Bestalde, Inmaculada Bonetak adierazi du popularrek arlo autonomikoan erakutsitako jarrera ´zentralista eta abusuzkoa´ izan dela, ´erkidego autonomoak jada burutzen ari diren eskuduntzak berreskuratzen saiatu delako´. Horrela, EAko senatariak ezkuntzaren Kalitatearen Legea jarri du adibidetzat.

Jatorria: Begoña Lasagabaster