JUANJO AGIRREZABALA Juanjo Agirrezabalak ETAren biktimei buruzko PSE, PP eta UPyDren diskurtso partzialari aurre egin dio Legebiltzarrean eta Egia ezagutzeko eta Justizia eta Erreparazioa jasotzeko biktima guztiek, salbuespenik gabe, duten eskubidea aldarrikatu du.

Juanjo Agirrezabalak aurre egin dio Legebiltzarrean PSEk, PPk eta UPyDk ETAren biktimez eta zigorgabetasunaz egindako diskurtso partzialari, eta Egiaren Batzordea sortzea proposatu du “herri honetan motibazio politikoko indarkerien testuinguru batean zer gertatu den argitzeko eta giza eskubideen urraketa guztiak erreparatzeko, urraketa berberei erantzunak bateratuz”.

PSE, PP eta UPyDren memoria partzialaren aurrean -argitu gabeko ETAren atentatuak argitzea eskatzen baitute, baina ikertu ere inoiz ikertu ez diren Estatu terrorismoaren krimenak nahita ahazten dituzte- EAko legebiltzarkideak alderdi horien ikuspegi baztertzailea salatu du eta biktima guztiek, salbuespenik egin gabe, Egia ezagutzeko eta Justizia eta Erreparazioa jasotzeko duten eskubidea aldarrikatu du.

“Benetako zigorgabetasuna -ohartarazi du Agirrezabalak- GALek, talde parapolizialek, eskuin muturreko inkontrolatuek eta Estatuko Segurtasun Indarren kide batzuek gozatu dutena izan da. Izugarria da argitu gabeko ETAren atentatuen eta Estatuko terrorismoak eragindako heriotzen artean dagoen aldea: ETAren atentatu guztiak ikertu egin dira, eta %100ean argitu ez badira ez da interes faltagatik izan; Estatu terrorismoa, ordea, ia inoiz ez zen ikertu, Poliziak eta Justiziak inoiz ez zutelako horretan inongo interesik izan, ziurrenik heriotza horiek argitzeak Estatuko funtzionarioak atxilotzea eta zigortzea ekarriko zukeelako”.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA