EAk eta ERCk Europako hauteskundeei begira osatu duten Europako Aliantza Libreak herritarren bizi-baldintzen defentsa integrala defendatuko du Europako Batasunean, atzo koalizio horretako kide diren Mikel Irujok (EA) eta Carmen Portak (ERC) jakinarazi zutenez. Gasteizko Alkartetxean eskainitako prentsaurrekoan, bi alderdi horiek Europako hauteskundeei begira gizarte gaietan defendatuko dituzten lan ardatzak azaldu zituzten. Portak adierazi zuenez, bai EAk bai ERCk «estaturik gabeko nazioak» ordezkatzen dituzte, eta biek eskubide indibidual zein kolektiboen alde lan egiten dute. Ildo horretatik, beharrezkotzat jo zuen pertsonen eskubideak politika ororen «oinarrian» jartzea eta Europako Batasunaren barruan gizarte politikei eta berdintasunaren aldeko politikei garrantzi handiagoa ematea.
EA eta ERCren gizarte politikak «elkartasunean» oinarrituta daudela zehaztu zuen Portak, eta zeregin horretan Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Gobernuak «ekarpen handiak» egin ditzaketela iritzi zion, estaturik gabeko nazioek Europako Batasunean parte hartzeko aukera bermatuko balitz, behinik behin.
Eskumenak dituzten gobernuen parte-hartzea
Bestalde, Mikel Irujo EAko hautagaiak azpimarratu zuen bere alderdiaren xede nagusienetako bat herritarren lan-baldintzak «duintzea» dela. Izan ere, gogorazi zuenez, EBko herritarren %16 pobreziaren mugan bizi da gaur egun.
Europako Batasunak merkatal politikengan interes handia sortzen duen arren, gizarte arazoetan ez duela horrenbesteko lanik egiten kritikatu zuen Irujok, eta beraz, arlo horretan «inplikazioa handiagoa» beharko lukeela iritzi zion. «Europan benetako gizarte politika bultzatu nahi bada, gai horretan eskumenak ditugun gobernuek presente egon behar dugu», zehaztu zuen.
Jatorria: Mikel Irujo