Jesus Mari Larrazabalek salatu duenez, PSEk eta PPk hitzartutako aurrekontuak ez die behar bezalako erantzunik ematen krisi egoera honetan euskal gizarteak dituen premiei.
EAk aurkako boza eman die gaur 2010erako Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuei aurrekontu frontistak direlako eta krisi ekonomikoari aurre egiteko balio ez dutelako. Jesus Mari Larrazabalek oposizioaren zatikako zuzenketaren bat edo beste ez onartzea ere egotzi die PSEri eta PPri eta transbertsalitateaz eta eskuzabaltasunaz mintzatzeari uzteko eskatu die sozialistei “horrelako hitzak alferrikakoak direlako, PSEren praktika politikoa kontzeptu horien kontrakoa baita”.
EAko legebiltzarkideak esandakoaren arabera, EAJren abstentzioarekin onartutako aurrekontuek ez diete erantzunik ematen euskal gizarteak krisi egoera honetan dituen premiei. Jaurlaritzak zor publikoaren erabilera okerra egin duela salatu du Larrazabalek, eta inbertsio publikoaren jaitsiera ere kritikatu du, “ez duelako herri honek une honetan behar duen barne-eskaria sortzeko balio izango”.
Azkenik, EAko ordezkariak PSEri gogorarazi dio, aurrekontuekin edo aurrekonkturik gabe, Patxi Lopezen Gobernua ez dela gaur atzo baino egonkorragoa.
Jatorria: Eusko Alkartasuna