«Batasuna da Aznarren aliaturik onena»
Rafael Larreinak erantzun zien Joseba Permachek egindako kritikei, eta Batasunari leporatu zion «Aznarren gobernuaren eta Espainiako Estatuaren aliaturik onena» izatea, «Euskal Herriak bere etorkizunaz erabaki, nazio eraikuntzaren bidean aurrera egin eta esparru juridiko-politiko berria erdiesteko beharrezko erabakiak har ditzan ekiditeko».
EAko Antolaketa idazkariak adierazi zuen ez dutela Batasunaren leziorik onartzen, gaurko esparru politikoa gainditzeko moduei dagokienez: «Euskal gizarteari egiten zaion iruzur politiko bakarra, bere buruari ezker abertzale esaten dion horrek egiten duen politika da».
Larreinaren esanetan, «EA izan da herri honentzako beste esparru juridiko-politiko batek zelakoa izan behar duen eta hara heltzeko eman beharreko pausoak zehaztu dituen bakarra. Batasuna, berriz, hitz politetan eta kontzeptu orokorretan gelditzen da, baina ez dute esaten gauzak nola egiten diren, gai ez direlako».
«Batasunaren, ezker abertzalearen eta Aznarren gobernuak diotenaren gainetik», EAk Euskal Herriarentzako beste esparru baten alde lanean jarraituko duela gaineratu zuen Larreinak.
Jatorria: Rafael Larreina