Jesus Mari Larrazabalek gogora ekarri duenez, Eusko Legebiltzarra Ministerioaren egitasmoaren kontra agertu zen 2008an proiektu horren ingurumen-inpaktua onartezina delako
Gasteiz-L/Castejon-Muruarte linea elektrikoak Arabako Mendialdea zeharkatzea galarazteko neurri zehatzak har ditzala eskatuko dio bihar Eusko Alkartasunak Eusko Jaurlaritzari Legebiltzarrean egingo den Kontrolerako Osoko Bilkuran. Arabako Mendialdeko paisaje eta natur intereseko guneak babestu nahian, EAk egun dauden azpiegituretarako eta zerbitzuetarako korridoreak erabiltzeko proposamena egingo du. EAko legebiltzarkide Jesus Mari Larrazabalen hitzetan, “Ingurumen Ministerioaren egitasmoaren ingurumen-inpaktua onartezina da”; horregatik, proiektu horren kontra agertu diren ahotsekin bat egin dezala eskatuko dio Patxi Lopez buru duen Gobernuari. Izan ere, Legebiltzarra bera, Arabako Biltzar Nagusiak, udal ugari eta gizarte-eragile asko egitasmo horrekiko desadostasuna adierazi dute dagoeneko.
Larrazabalek gogora ekarri duenez, Jaurlaritzak eta Arabako Foru Aldundiak eginiko ingurumen-inpaktuari buruzko txostenek Ministerioak planteatutako alternatiba guztiak onartezinak direla agerian uzten dute, “Araban indarrean dauden lurralde-plangintzarekin eta lurzoruaren erabilera-antolamenduarekin bateraezinak direlako”. Txosten teknikoak ikusita, EAko legebiltzarkideak irtenbide egokia eta zuzena egun dauden azpiegituretarako eta zerbitzuetarako korridoreak erabiltzea dela adierazi du, kasu guztietan korridore horietatik gertu dauden natur guneetan edozein eragin saihestuz, eta ildo honi jarraituz, Ingurumen Ministerioari horixe exijitu diezaiola eskatu dio Lopez Gobernuari.
Jatorria: Eusko Alkartasuna