Mikel Irujo Geert Lambert Europako Aliantza Libreko kideak idatzizko galderak aurkeztuko ditu eta EBko Ministroen Kontseiluaren aginduz Espainiako Gobernua derrigortuta egongo da erantzutera. Kontseiluko biltzar parlamentarioak mozioa jorra dezan ere saiatuko da.

 

Geert Lambert Europako Aliantza Libreko kideak idatzizko
galderak aurkeztuko ditu eta EBko Ministroen Kontseiluaren aginduz Espainiako
Gobernua derrigortuta egongo da erantzutera. Kontseiluko biltzar
parlamentarioak mozioa jorra dezan ere saiatuko da.

 

Mikel Irujo EAko europarlamentariak gaur jakinarazi du
Europako Aliantza Librearen (ALE) bitartez idatziz galderak sartuko dituztela
Europako Batasuneko (EB) Kontseiluan, eta mozioa txertatzen ere ahaleginduko
direla. Hain zuzen, Geert Lambert Spirit (Flandes) alderdiko Belgikako
senatari, ALEko kide eta EBko Kontseiluko biltzar parlamentarioko ordezkaria
saiatuko da horretan. Irujorekin batera eman du ekimenaren berri, gaur, Donostian.

 

Bien arabera, EBko Ministroen Kontseiluaren aginduz
Espainiako Gobernua derrigortuta egongo da idatzizko galderak erantzutera,
baina ez du eperik izango horretarako. EBko Kontseiluko biltzar parlamentarioak
mozioa jorra dezan, berriz, sinadura kopuru handia behar da, eta Irujok eta
Lambertek uste du PSOE eta PP hori trabatzen saiatuko direla. “Galdeketa
Europako agendan jartzea da asmoa, horrek egiten diolako min Espainiari”,
esan du Irujok.

 

Europako Aliantza Libreko kidea da EA, ERC (Herrialde
Katalanak), Scottish National Party (Eskozia), Plaid Cymru (Gales) eta
aipatutako Spirit (Flandes) alderdiekin batera.

 

EAk berak lehengo igandean Laudion (Araba) Alkartasun Eguna
ospatu zuen eta galdeketaren aldeko agiria sinatu zuten bere militanteek. Besteak
beste, Begoña Errazti EAko presidente izandakoak eta Carlos Garaikoetxea EAko
eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohiak.

 

EAJ, EA, EB eta Aralarrek “Euskadin” bakea eta
normalkuntza politikoa lortzeko kontsulta beharrezkoa dela diote idatzian, eta
“hurrengo hilabeteetan Europa eta nazioarte mailako foroetan ekimenak eta
demandak” aurkeztuko dituztela jakinarazia dute. Ez dute zehaztu, ordea,
Europa Batasuneko Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Estatuaren kontrako
salaketa jarriko duten. Ibarretxek hala iragarri zuen irailaren hasieran,
“pentsatzeko, adierazteko eta elkartzeko eskubideak urratzeagatik”
(EAJ, EA eta EBk osatzen dute Jaurlaritza).

 

Eusko Legebiltzarrak 2008ko ekainaren 27an onartu zuen
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kontsulta egiteko Galdeketaren Legea (gehiengoa
osoa lortzeko, EAJ, EA, EB eta Aralarren botoak ez ezik, EHAK-ko batena ere
jaso zuen legeak), eta duela bi aste Espainiako Auzitegi Konstituzionalak
debekatu egin zuen. Aurtengo urriaren 25ean egitea egin nahi zuten galdeketa.

 

EAJk, berriz, igande honetan egingo du Alderdi Eguna,
Gasteizen (Forondan), eta sinadurak biltzeko asmoa du. “Une egokia izango
da, ehun mila lagun egongo direlako”, esan zuen atzo Belen Greaves EAJko
EBBko idazkariak.

Lotura: Albistea Berria egunkarian
Jatorria: EP/Berria