Hezkuntzak ezinbesteko tresna izan behar du krisia gainditzeko eta, beraz, ez du batere zentzurik PPk hori ahuldu nahi izateak, nabarmendu du Juanjo Agirrezabalak. Eztabaida eramango du Legebiltzarrera eta Jaurlaritzaren eskuduntzak defendatzeko eskatuko dio Isabel Celaari.
Juanjo Agirrezabala Hezkuntza Ministerioak sektore horretan iragarritako murrizketen aurka azaldu da, “proposamen horiekin espainiar Gobernuak hezkuntza sistemaren kalitatea jaitsi egingo duelako, hain justu kontrakoa egin behar duenean”. Ildo horri jarraituz, EAko legebiltzarkideak azpimarratu du “hezkuntzak, formakuntzak, funtsezko tresna izan behar duela krisi ekonomikoa gainditzeko eta, beraz, ez du batere zentzurik hori ahultzeak, PPk bere murrizketen bidez nahi bezala”.
Agirrezabalak azaldu duenez, ministroaren proposamena “hezkuntza sistemaren kalitatearen aurka doa eta arlo honetan Eusko Jaurlaritzari dagozkion eskuduntzak urratu egiten ditu”. Hori dela eta, legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Isabel Celaa buru duen Sailari eskatzeko Madrilek sustatutako murrizketak aplikatzeari uko egin diezaiola eta autogobernua defendatzeko behar diren neurri guztiak har ditzala”. Izan ere, “gure hezkuntza sistemaren kalitatea bermatu nahi izanez gero, euskal gizarteak bere tresnak erabaki eta baliatu behar ditu, Madrilek edota Parisek eskua sartu gabe; horixe erakutsi digu oraingoan, berriro ere, espainiar Gobernuak”.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA