Juanjo Agirrezabalak 1997az geroztik enpresari emandako laguntzei buruzko informazio zehatza ere eskatu du. Bere esanetan, Jaurlaritzak ezin du onartu Daewook esatea itxi egingo duela Enplegu Sailak erregulazio eskaera ez onartu arren.
Eusko Legebiltzarrak Daewoo konpainiak Gasteizen duen lantegia mantentzearen alde aktiboki lan egin dezala nahi du Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak, Hego Koreako multinazionalak fabrika itxi eta bere 147 langileak kalean utzi nahi izateak kezkatuta. Plan horiei aurre egiteko asmoz, Agirrezabalak Industria eta Lan sailburuak Legebiltzarrean ager daitezela eskatu du, enpresak aurkeztutako erregulazio eskaerari emango dioten erantzuna azal dezaten. Daewooko langile batzordeko ordezkarien agerraldia ere eskatu du EAko legebiltzarkideak, multinazionalarekiko negoziazioen berri eman eta haien eskakizunak azal ditzaten. Horrez gain, Daewook 1997az geroztik jasotako diru-laguntza publikoei buruzko informazio zehatza eskatu dio Agirrezabalak Jaurlaritzari.
EAko ordezkarien iritziz, “enpresa batek bultzatutako deslokalizazio adibide argi baten aurrean gaude, eta horrelakoetan, euskal gizarteak diru publikoarekin lagundu zionean, Daewook gizarte honekin hartu zuen konpromisoa gogoan izan behar dugu derrigorrez. Onartezina da diru publikoa jaso duten enpresek besterik gabe itxi eta haien langileak kalean uztea”. Ildo honi jarraituz, Agirrezabalak salatu du “Daewook esatea itxi egingo duela Enplegu Sailak erregulazio eskaera onartuko ez balu ere”, eta Jaurlaritzari “horrelako mespretxuak ez onartzeko” exijitu dio.
Jatorria: Eusko Alkartasuna