Juanjo Agirrezabala legebiltzarkideak Kultura sailburuari eskatu dio Euskararen Aholku Batzordean Jon Juaristiren izendapena bertan behera uzbeko. EAko ordezkariaren esanetan, sarkasmo hutsa da euskara sustatzeko mandatua ematea Euskal Herriko berezko hizkuntza publikoki iraindu eta mespretxatu egin duen idazle bati.
Juanjo Agirrezabalak Blanca Urgell Kultura sailburuari exijitu dio Euskararen Aholku Batzordean Jon Juaristiren izendapena berehala bertan behera utzi eta idazle hori kargutik ken dezala. Juaristi Batzorde horretako kide izendatu zuen Kultura Sailak abenduan hizkuntza-normalizazioaren prozesuan eragina duten arloetako pertsona ezagunen artean. Hala ere, EAko legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, Juaristi publikoki agertu da, behin baino gehiagotan, euskararen aurka, eta hizkuntza horri dion mespretxua ere agerian utzi du; hori dela eta, Agirrezabalak salatu du “sarkasmo hutsa dela euskara sustatzeko mandatua ematea Euskal Herriko berezko hizkuntza publikoki iraindu eta mespretxatu egin duen idazle bati”.
Euskararen Aholku Batzordearen xede nagusia hizkuntzaren sustapena dela nabarmendu eta gero, EAko ordezkariak Jaurlaritzaren jokaera salatu du, Jon Juaristiren izendapenak argi eta garbi utzi baitu Gobernu honek ez duela gure hizkuntza sustatzeko inolako asmorik; Juaristiri euskara defendatzeko eskatzea eta otso bati oilotegia zaintzeko eskatzea gauza bera da”. Horregatik, Agirrezabalaren iritziz, “ulertezina da Kultura sailburuak euskararen defentsa ibilbide hori duen pertsona baten esku uztea”. Astakeria hori zuzentzea ezinbestekoa delakoan, EAk hainbat ekimen aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean, Agirrezabalak berak iragarri duenez.
Jatorria: Eusko Alkartasuna