Estatuko estoldek errendimendu osoan funtzionatzen jarraitzen dutela salatu du
Eusko Alkartasunak Espainiako Gobernuko presidenteari, Pedro Sanchezi, The Citizen Lab-ek zabaldutako Catalangate espioitza kasuaren inguruko azalpenak emateko eskatu dio. Erakunde horren arabera, 2017 eta 2020 artean 60 politikari eta ekintzaile katalan baino gehiago espiatuak izan ziren, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiarekin eta Jon Iñarritu Kongresuko diputatuarekin batera.
Asier Gomez Barrenetxea Eusko Alkartasunako komunikazio idazkariaren ustez, espioitza politikoaren trama horren konfirmazioa oinarrizko eskubideen aurkako erasoa da. Adierazi duenez, “oinarrizko eskubideak, indibidualak eta kolektiboak, erasotzen ari dira disidentzia politikoa jazartzeko”.
Gomez Barrenetxeak gogor kritikatu du atzo Isabel Rodriguez Pedro Sanchezen Gobernuko ministro eta bozeramaileak egindako agerraldia. “Eskandalua da Espainiako Gobernuko bozeramaileak ezkutatzeko ezer ez dutela esatea, eta, jarraian, informazioa emateari uko egitea, oraindik indarrean dagoen sekretu ofizialen lege frankistan oinarrituta. Sanchezek azalpenak emateko agerraldia egin behar du”.
“Hau icebergaren punta baino ez da, Espainian disidentzia politikoa espiatu egin da eta espiatzen jarraitzen da inpunitate osoz. Horrek erakusten du Estatuko estoldek bete-betean funtzionatzen jarraitzen dutela Pedro Sanchezen gobernuarekin ere”, gaineratu du.