Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Juanjo Agirrezabalaren mozio bat onartu du eta aztarnategi arkeologikoa babesteko bermeak eskatu ditu, bai eta leizeak benetan duen tamaina zehazteko ikerketa bat egin dadila ere.

Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkurak Eusko Alkartasunaren mozio bat onartu du gaur Praileaitzen aztarnategi arkeologikoaren babesa bermatzeko asmoz. Horretarako, Juanjo Agirrezabala akordio batera iritsi da PSE, PP eta Aralarrekin eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailari eskatu diote gehienez bi hilabeteren buruan kobazuloa babesteko dekretu berria onar dezala, edo 2007az geroztik indarrean dagoena aldatzeko dekretu baten onarpena ahalbidetzeko prozedura berri bati ekin diezaiola, “betiere Praileaitz osoa babestea bermatuz”, ohartarazi du Agirrezabalak.

EAko legebiltzarkideak nabarmendu duenez, Legebiltzarreko akordioak Eusko Jaurlaritzari zein Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen die ikerketa bat egin dezatela kobazuloaren tamaina osoa benetan zein den zehazteko, “azken batean, zehatz-mehatz ezagutzen ez dena ezin delako babestu”.

Mozioak hirugarren atal bat ere badu, Kultura Sailari eskatzen baitio berehala ekin diezaiola Ondare Kulturalari buruzko Lurralde Plan Sektoriala idazteari, Praileaitz bezala, balore arkeologiko handia duten eremuak babesteari begira.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA