Eusko Alkartasunak, Aralar, Alternatiba eta Ezker Abertzalearekin batera, manifestazioak deitu ditu Hegoaldeko hiriburuetan otsailaren 11rako eta bat egin du otsailaren 4ko ekimenekin. Pello Urizar EAko idazkari nagusiak parte hartu du ekimenen aurkezpenean. Hona hemen bere hitzaldia:

Mundu mailako krisi sistemiko baten aurrean gaude. Ongizate sistema, elikadura, ingurumena, bizitza baldintzak eta giza eskubideen urraketa eta xahutzea herrialde desberdinetan etengabe ematen ari da.

Europan eta Euskal Herrian eraikuntza eta ekonomia espekulatiboaren inguruan sortutako burbuilak eztanda egin du eta jada hiru urte luze pasatu dira egoera berriari buelta eman ezinik. Eta nola ez, guzti hau, naturaren errekurtso mugak kontutan izan gabe garatu da.

Euskal Herriaren kasuan guzti horri zera gehitu behar zaio: burujabetza politiko eta ekonomikoaren ukazioa. Espainiar konstituzioaren aldaketak, edota Grezian gertatutakoak argiki uzten du zein tamainakoa den merkatuen diktadura. Baina herri bati estatu batek dituen baliabide politiko, instituzional eta ekonomikoak ukatzen zaizkionean areagotu egiten da menpekotasun hori, are gehiago eta gure kasuan Raxoiren jarrerak ezagututa.

Raxoiren gobernuak iragarri edo martxan jarritako ekimenek zera dute helburu: zorpetze publikoaren aitzakiapean, sektore publikoa murrizteko hamaika neurri hartu eta honen pribatizazio prozesuei bide ematea. Era berean, lan harreman esparrua erabat liberalizatu eta langile baldintzak are gehiago kaskartzeko erreformaren aurrean aurkitzen gara jada eta hori gutxi balitz, finantza sektorea denon diruarekin ureztatuko dutela iragarri da. Honela, Raxoiren gobernuaren neurriek beharrizan gehien dituztenen aurka daude zuzenduta: soldata baxuenak dituztenen kontra, desgaitasunak dituzten pertsonen aurka, pentsio baxuenak dituzten adinekoen kontra edota euren lan baldintzak defendatu nahi duen edozein pertsonaren aurka.

Azkenik eta guzti hau erabiliz, estatuaren baitan zentralizazio prozesu bati ekiteko asmoa oso nabarmena da. Hau da, menpekotasun politiko eta ekonomikoa areagotzeko saiakera eta erabakia nabarmena da.

Guzti honek erantzun sendo bat eskatzen du. Herri honetako eragile sozial, sindikal eta politikoek, bakoitza bere esparruan eta ahal balitz denok batera, martxan dagoen erreforma neoliberalari eta zentralizazio prozesuari aurre egin beharko geniokeela uste dugu.

Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA